Odolezko emakumeak
Zeruari begira. «Odolezko lau ilargietako» bat paratu da goialde horretan. Datozen hilabeteetan iritsiko dira beste hirurak. Atzo bakarra ikusi genuen, argazki eta bideo bidez soilik izan bazen ere. Marrubi biribil bati begira gau erdian.
Malefizioa ote? Tradizioari men, aspaldidanik gaiztakeriari eta zoritxarrari lotutakoak dira ilargiaren bueltan ibilitako kontuak. Mitologia mexikarraren arabera, eklipsea gertatzen zenean gizaki gaizkile batek Ilargia edo Eguzkia irentsi egiten zituela sinetsi ohi zen. Haurdun ziren emakumeek barruan zeramaten haurra ere jango zuela pentsatu izan zuten, edo malformazioak izango zituela jaiotzeko orduan.
Eliza katolikoaren baitan ere egiten zaizkie aipamenak halako fenomeno astronomikoei. Bibliako zenbait pasartetan hainbatetan aipatzen da «odol ilargia», gertakari beldurgarrien aurrekari gisa.
Ekialde Hurbilean, bestalde, zorigaiztoko gertaeren iragarle izan da, hurrengo urteetan historiaren etorkizuna aldatzeko gai ere izan daitekeena.
Ez dugu, baina, Euskal Herrian laranja lodikote hori gure buru gainean ikusi. Ez du ilargiak kolorerik aldatu; ez du argi keinu berezirik egin; ez da itzaletan geratu. Beti bezain gris mantendu zen atzo goizaldean ere, lur gainean gauzek bere horretan jarraitzen zuten bitartean. Ez du mitologia askatzailerik ekarri eta, zoritxarra zoritxar, ez dirudi etorkizun laburrak esku artean darabilen historian aldaketa askorik eragingo duenik.
Mexikarrak ez bagara ere, eta eklipseen aitzakiarik gabe, emakumeak, malformazioak dituzten haurrak eta horiek jango dituzten piztiak ez dira egun liburuetan irakurtzen ditugun kontuak soilik. Gobernuetako bulegoetan esertzen dira eta horiek ere argazki eta bideo bidez ikusten ditugu, badaezpada. Zoritxarra iragarri zuten aspaldian eklipseen azpian izan ziren lurtarrek, eta arrazoi zuten, zorigaitza heldu da. Odolezko emakumeen arokoak gara, abortuaren lege berrikoak. [@arianekamio]

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
