Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
ITSASOA

32 herrialde Ekuadorren: Hawaiiko taldeak irabazi zuen ISA junior txapelketa

Ekuadorren egin zen munduko herrialdeen arteko txapelketa Hawaiiko taldeak irabazi zuen. Guztira 32 herrialdetako ordezkariak izan ziren lehian 18 urteko bitarteko lau kategoriatan. Kategoria bakoitzean bi ordezkari zituen lehian herrialde bakoitzak. Guztira ia 400 ordezkari inguru bildu ziren.

Astebeteko lehia gogorraren ostean hawaiiarrak gailendu dira Ekuadorren egin berri den herrialdekako munduko txapelketan. Lau kategorietatik bitan irabazi zuten urrezko domina hawaiiarrek, eta horrela lortu zuten taldekako garaipena.

400 ordezkari

2014 ISA World Junior Surfing Championship txapelketa Ekuadorren izan zen, Salinas eskualdeko itsasertzean altxatzen diren ezker olatu ederretan. Itsaskiak sarri izaten ez dituen herrialdea izan arren, olatu politak izaten dira Ekuadorren, batez ere kalitatezko ezker olatuak jasotzen dira eta tenperatura goxoa izaten da gainera, neoprenozko ur jantzia alde batera utzi eta bainujantziarekin itsasoratzeko aproposa.

Txapelketako azken egunean itsasoak gora egin zuen, eta bi metroko ezker olatu bikainak izan ziren 18 urte arteko lehiakideentzat; beraz, agerian geratu zen Ekuadorreko olatuek duten potentziala.

Guztira 32 herrialdetako ordezkariak izan ziren lehian, lau kategoria desberdinetan, eta kategoria bakoitzean, gehienez, bi ordezkari izan zitzakeen herrialde bakoitzeko taldeak. 16 urte arteko neskak, 16 urte arteko mutilak, 18 urte arteko neskak eta 18 urte arteko mutilak izan ziren lau kategorietan lehian aritu ziren surflariak.

Lehiakideak bakarrik ez, talde bakoitzean entrenatzaile eta lehiakideen laguntzaileak ere baziren, eta horiek ere beren herrialdea ordezkatzen zuten, eta beraz, guztira 400 ordezkari inguru bildu ziren, antolatzaileen esanetan.

Mahina Maeda

16 urte arteko nesken kategorian Mahina Maeda hawaiiarrak eskuratu zuen urrezko domina, eta honela mintzo zen sari banaketaren ostean: «Oraindik sinetsi ezinik nago. Txapelketa hau irabaztea amets bat zen eta errealitate bilakatu da».

Leilani McGonagle Costa Rica taldeko ordezkariak zilarrezko domina irabazi zuen. Brontzezko domina Laura Poncinik lortu zuen, eta kobrezko domina, berriz, Maddie Petersonek. Azken bi lehiakide hauek Australiako taldea ordezkatu zuten.

Leo-Paul Etienne

16 urte arteko mutilen kategorian frantsesak gailendu ziren. Leo-Paul Etienne Guadalupe uharteetako surflaria izan zen urrezko domina irabazi zuen Frantziako ordezkaria. Pozarren, datorren urtean ere itzultzeko irrikatzen dagoela esan zuen: «Munduko herrialdekako txapelketa batean parte hartzen dudan lehen aldia da, eta irabaztea zoragarria izan da, ez nuen espero halako emaitza ona lortzea. Datorren urtean ere berriz etorri eta irabazi nahi dut».

Leo-Paul Etienneren atzetik, bigarren eta hirugarren postuan australiarrak geratu ziren, Joe Van Dijk (zilarrezko domina) eta Nolan Rapoza (brontzea). Kobrezkoa, berriz, Griffin Colapinto amerikarrak eskuratu zuen.

Tatiana Watson

Nesken 18 urte arteko kategorian ere hawaiiarrak nagusitu ziren. Tatiana Weston Webb izan zen urrezko domina irabazi zuen lehiakide hawaiiarra. Gainera, neskato honek txapelketako puntuazio altuenak jaso zituen, beste kategorietako puntuazioak ere gaindituz; izan ere, olatu batean 9,83 puntu lortu zituen.

Esker oneko hitzak baino ez zituen izan hawaiiarrak antolatzaileentzat: «ISA erakundeko kideei eskerrak eman nahi dizkiet itzelezko txapelketa hau antolatzeagatik. Egunen batean Hawaiiko taldearekin etorri nahi nuke entrenatzaile gisa gaztetxoei lehiaketan laguntzeko».

Bigarren postuan, zilarrezko domina, Kim Veteau Guadalupe uharteetako surflariak irabazi zuen frantziar ordezkari gisa; esan daiteke, beraz, guadalupetarrak izan zirela Frantziako taldeak izan zituen ordezkari onenak.

Luan Wood

18 urte arteko nesken kategorian brontzezko domina lortu zuen lehiakidea Tia Blanco amerikarra izan zen. Kobrezko domina berriz, Leilani McGonaglek eskuratu zuen. Costa Rica ordezkatzen aritu zen lehiakide honek 16 urte zein 18 urte arteko kategorian hartu zuen parte, eta bietan finalera iristea lortu zuen, beraz bikain aritu zen lehiakide gaztea.

18 urte arteko mutilen kategorian brasildarrak nagusitu ziren. Luan Wood eta Elivelton Santos Brasilgo ordezkariek lehen eta bigarren postuak eskuratu zituzten. Lucca Mesina perutarrak, berriz, hirugarren postuan, brontzezko domina lortu zuen, eta Imai DeVault Costa Ricako surflariak kobrezko domina irabazi zuen.

Gauzak horrela, talde bakoitzaren ordezkariek lortu zituzten emaitzak kontuan hartuta, Hawaii izan zen herrialde irabazlea. Frantziak bigarren postua eskuratu zuen, Australiak hirugarrena, eta kobrea brasildarrentzat izan zen.

Puntu gutxien bildu zituzten bi herrialdeak Errusia eta Suedia izan ziren, baina herrialde hauek dituzten berezitasunak kontuan hartuta, parte-hartze hutsa aipagarria da, lorpen bat da; izan ere, duela gutxira arte halako herrialdeetan ordezkariak izan zitezkeela pentsaezina zen.