Mikel Zubimendi
Kazetaria
TXOKOTIK

«Xok, xik, xek» eta beste erabaki hori

Adineko emakume frantses bati aditu nion bere bizitzan hartu zuen erabaki onena, azkarra den emakume orok hartu beharko lukeena, hiru mutil lagun mota izatea izan zela: 20 urterekin shock egoerak, bizipenak, desirak eskaini eta bermatu zizkiona; 40 urterekin chic ikutu batez hornitu zuena, klasea, dotorezia eta distintzioa eman ziona, eta 60 urterekin chèquea zuena, hots, erretreta plana ziurtatu ziona. Ongi bizitako bizitza baterako erabaki, errezeta kuriosoa iruditu zitzaidan «xok, xik, xek» delakoa. Eta orduz geroztik erantzi ezinik daramat gogoan.

Zahartzaroan, hortzak erortzean, intxaurrak puskatzen eta jaten aritzea gomendagarria ez den legez, bizitzarako errezeta bakarra izatea, absolutua den lege baten alde, hil ala bizi, dena jokatzea ez nioke inori gomendatuko. Bizitzaren zentzu tragiko horrekin ez baitut atarramentu onik ikusten.

Nork bere kontzientzia eta izerdiaren jabe, erabaki beza. Bizitzea erabaki, bizitzeko erabaki, baina erabaki. Bizitza bat, baina, ez da erabaki pilo batez osatzen. Bizitza bati oinarria eta forma ematen diotenak, benetan aztarnatzen dutenak, bi edo, asko jota, hiru erabaki izaten dira. «Xok, xik, xek» ala «xek, xok, xik» baina bizpahiru erabaki. Ez gehiago, ezta gutxiago ere.

Gure bizitzaren labirintoetan ez daude, ez horixe, bide motz eta zuzenak. Ez da erraza esperientziak hartu eta inertziak uztea. Gure ahuldadeak aitortuta, gure tokian egoten jakin eta erabakiak hartzea. «Zure tokian banengo, ez nuke hori erabakiko» esaten dutenei «nik ere, zure tokian banengo, ez nuke erabakiko; baina nire tokian nagoelako erabaki dut eta zuk hor segituko duzu, zure tokian» erantzutea.

Mbuti pigmeoen tribuko batzarretan erabakiak hartzerakoan oihana azken aginpide eta arau goren bat dute: eztabaidak luzatzen badira ja ez dira eztabaidak, marmar bilakatzen dira eta tribuari min handiegia ematen diote. Boltxebikeek zioten eskuak zikindu ez dituenak ez duela eskurik. Mbutiak eta boltxebikeak gogoan, ozen aditzen diren marmarren aurrean, nork bere arduratik, pieza bakarreko pertsona legez jokatuz, esku hartu behar da. Eta erabaki. Ez da goiz, ez dadila beranduegi izan.