Andoni ARABAOLAZA
Himalaia Aho batez hartutako erabakia

Hamasei langile xerpen heriotzak Everest «ixtera» behartu du

Istripua apirilaren 18an gertatu zen Khumbuko izotzezko ur-jauzian. Elurrolde batek lanean ari ziren beharginak harrapatu eta haren eraginez, hamasei zendu ziren. Ezbeharrak sortutako egoeraren ondorioz, xerpek Everesteko denboraldia bertan behera utzi dute.

«Batzar luze baten ondoren, geure anaien ohorea gogoratu ahal izateko, Everesteko denboraldia amaitzea erabaki dugu. Aho batez hartutako erabakia izan da». Hitz hauek Tulsi Gurung, Everesteko kanpaleku nagusian eginiko batzarrean parte hartu zuen xerparenak zein hildako baten anaiarenak dira.

Batzuek espero zuten berria zen, munduko mendirik garaienaren magaletan gertatu den ezbehar latzarengatik; beste batzuentzat, aldiz, Everesteko tontorra zapaltzeko inbertitutako dirutzarengatik, ez da batere notizia ona izan. Beste behin, interesek talka egin dute.

Kontua da aurtengo denboraldian inork ez duela Everest hego aurpegiko ohiko bidetik igo eta gailurra zapalduko. Eta horren «errua» apirilaren 16an Khumbuko izotzezko ur-jauzian izaniko lan istripuak du.

Goizeko 06.30ak ziren. Lehen kanpalekutik gertu, 5.900 metrora gutxi gorabehera, mendebal sorbaldatik serac bat erori eta elur-jausi handia sortu zuen. Elur-jausi horrek Khumbuko glaziarra ekipatzen ari ziren hainbat eta hainbat langile xerpa harrapatu eta hamasei hildako eragin zituen. Horietako hamahiruren gorpuak aurkitu zituzten; beste hirurenak, aldiz, ez.

Inoizko lan ezbehar gogorrena bizi izan dute Everesten. Bai, hamasei hildako oso kopuru handia da. Urtero-urtero artesi zein serac erraldoiez betetako zati arriskutsu horretan bizpahiru langile zendu izan dira. Baina hainbat adituk diote bat-batean hamasei ez dela batere proportzionala: «Azken urteotan lan istripu asko izan dira, eta egoera horrek, adibidez, duela hiru urte ospe handia duen espedizio komertzial bateko buru den Rusell Bricek antolatutako espedizioak bertan behera utzi zituen. Gaur egun Khumbuko glaziarrean ekipatzen den bidea ezkerretik sortzen dute. Lehen, erditik. Baina era horretara, ibilbidea samurragoa izateaz gain, serac pilo bat saihesten dira. Hori bai, gertatu den bezala, mendebal sorbaldatik erortzen diren elurroldeetatik zaila da ihes egitea».

Everesteko montzoi aurreko denboraldia 31 espedizio eta 334 mendizalerekin hasi zen. Hauen guztien helburua «leundu» ahal izateko, langile xerpek hego aurpegiko ohiko bidea sokekin ekipatzen dute. Hamar bat kilometro soka finko jartzen dituzte. Eta hainbat sekziotan, bikoitza; hots, leku berean igotzeko eta jaisteko «laguntza» hori ipintzen da.

Kanpaleku nagusiaren eta lehen kanpalekuaren artean dagoen zati arriskutsu horretan gertatu da ezbeharra. Batzuen ustez, gerta zitekeena gertatu da, seracek ez dutelako abisurik ematen. Beste batzuek diote, berriz, «ezustekoa» izan dela: «Jakina denez, seracek ez dute ez ordurik ez egutegirik. Edozein unetan eror daitezke. Baina pasa den 18an gertaturikoa, agian, ez da oso ohikoa. Horietako batzuk neguan eta udazkenean ikusi ditugu, baina apirilean ez».

Xerpen tragedia

Inolako zalantzarik gabe, xerpen komunitatearentzat, eta batez ere langileentzat, pasa den 18an gertaturikoa latza izan da oso. Eta hori diogu, beste urte batzuetan ez bezala, aurtengoan lan istripuan zendu diren guztiak xerpak izan direlako. Iaz arte, adibidez, elurroldeen ondorioz hildako gehienak atzerriko mendizaleak ziren.

Baina, jakina, xerpen agentziek Everest guztian soka finkoak jartzeko hartutako «lizentziaren» ostean, langile horiek jasandako istripuak asko ugaritu dira. Azken gertakizun gogorraren harira, Nepalgo gobernuari xerpek eginiko presioa erabat handitu da. Seven Summit agentziako ordezkari Mingma Sherpak, adibidez, aurreratu du langile horien lan baldintzak bermatzen ez badira, etorkizunean xerpek ez dutela lan hori egingo: «Everestek jasotzen dituen espedizioen bizkarrezurra xerpak dira. Baina geure gobernuak ez digu jaramonik egiten. Istripuaren ondoren, gobernuari zera exijitzen diogu: hildakoen zein desagertutakoen senitartekoei laguntzeko».

Bai, Everesten lan egiten duten xerpen komunitatea oso haserre dago Katmanduko agintariekin. Hori dela-eta, arestian aipatu dugun erabakiaren aurretik, hainbat eskakizun luzatu zizkioten. Horiei jaramonik egin ezean protesta gogorrekin eta boikotarekin «mehatxu» egin zuten.

Xerpen ordezkariek, adibidez, 7.500 euroko kalte-ordainak eskatu zituzten hildako eta desagertutako senitarteko bakoitzarentzat. Nepalgo gobernuak, berriz, 400 eurokoa iragarri zuen. Jakina denez, iragarpen horrek xerpak sutan jarri zituen. Aipaturiko eskakizun horretaz gain, beste honako aldarrikapenak egin dituzte: zaurituen gastu guztiak gobernuak har ditzala, zortzimilakoen tasen %30a jasotzea antzeko gertaeretan erabili ahal izateko, alpinista eta langile xerpen aseguruak bikoiztea, Khumbuko glaziarrean lan egiten duten langileek sokak edo eskailerak jartzeari uko egiten badiote haien aurkako neurririk ez hartzea...

Xerpen ordezkariak eta Katmanduko agintariak «negoziatzen» ari ziren bitartean, hildakoen hiletak egiteaz gain, Nepalgo hiriburuan bertan hainbat protesta egin ziren. Horietako bat Nepalgo Mendizale Elkarteak antolatutakoa: zendutakoen hilkutxak lehen ministroaren egoitzara eraman zituzten. Protestaldian bildutakoek xerpen lan baldintzak hobetzea aldarrikatu zuten.

Baina, aurreratu dugun legez, Everesteko kanpaleku nagusian eginiko bileran xerpen ordezkariek denboraldi hau amaitutzat ematea aho batez erabaki zuten. Betiere, langile horiek gogoratu ahal izateko. Bitartean, Nepalgo gobernuak xerpen hainbat eskakizun onartu ditu. Langileek batez ere aseguruen inguruan presio handia egin dute, eta bizitza zein osasun aseguruak bermatu omen dituzte. Horretaz gain, lehen aipatu dugun tasen %30 jasoko dute; eta zati bat, %5a, alegia, hildakoen eta zaurituen senitartekoei bideratuko zaie. Bide batez, aseguru-etxeek kubritzen ez dituzten erreskateen kostua gobernuak bere gain hartuko du.