Zabortegia garbitzea
Dani Alvesi platanoa jaurti zioten pasa den asteburuan Vila-realen. Tximinotzat hartzen dute zenbaitzuek eta halaxe jokatu zuen berak. Platano zatia irentsi eta kornerra jaurti zuen segidan.
Santiago Bernabeun ere izan ziren istiluak. Osasunako lau jarraitzailek zauriak izan zituzten buruan, Real Madrileko zale ultraeskuindarrekin izandako istiluetan.
Pep Guardiola egun batzuk lehenago toki berean. Katalanez galdetu eta UEFAk ohartarazi zuen kazetaria aurrean. Gazteleraz ezetz, katalanez jarduteko eskatu zion entrenatzaileak. «Nahiago dut».
Azken egunetako albisterik entzutetsuena, baina, Tito Vilanovaren heriotzak eragin du futbolaren alorrean. Gazte eta «azkar» zendu da entrenatzaile gironarra. Bere senide eta lagunei adierazitako doluminek sare sozialak bete zituzten. Hauxe Gerard Piquek Facebook-en idatzitakoa. «Gràcies per tot Tito. Tot i que has marxat massa aviat, em quedo amb els grans moments que hem viscut junts. Sempre estaràs amb nosaltres». Bere ama hizkuntzan mintzatu izanak erreakzio soka ekarri zuen, kritikoena lehenengo, eta defendatzaileena ondoren. 2.500 iruzkin baino gehiago ditu bere postak.
Hogeita bat lagun atxilotu zituen astelehenean Guardia Zibilak Estatu osoan egindako «Araña» operazioan, horietatik hamabost Euskal Herrian. Adierazpen askatasuna amaraunean lotu eta «terrorismoa goratzeagatik» atzeman zituen denak.
Sare sozialek kalte egiten dute sarri eta aho-berotzaile erreminta aproposa ere badira maiz. Taberna zulo birtual bilakatu dira kasu askotan, elkarrizketak eta iritziak publiko bihurtu diren honetan. Desberdintasunak agerikoak dira, baina, eta argi dago gauza bat edo bestea goratzeak, esateak, txiokatzeak pisu desberdina duela amarauna josten duen horren baitan. Izan ere, milaka aldiz bortxatu dituzte homosexualak Twitterren, beste hainbestetan etorkinak akabatu edo hizkuntza batean mintzatzeagatik giltzapetu. Eta zabortegiak zaborra biltzen jarraitzen du, zabortegia garbitzea alferrikako lana baita hondakinak sailkatzen ez ditugun artean. [@arianekamio]

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
