Avironek eskura dauka onenekin jarraitzeko aukera

Zuri-urdinek Castres hartuko dute gaur, 14.45ean, Jean Dauguer zelaian. Lapurtarrek irabazten baldin badute, helburua betetzeko aukera izango dute.

Iritsi da Top 14aren amaiera, eta gaur erabakiko da dena. Zoritxarrez, Biarritzek maila galduta duela jokatuko du azkeneko jardunaldia, baina Avironek hori gainditu nahi du, eta datorren urtean ere onenekin jarraitzeko helburuari eutsi nahi dio.

Zuri-urdinek Castres hartuko dute 14.45ean. Baionako taldea ez da egoera txarrean iristen. Maila galtzeko aukerak baditu, baina gehiago dira eusteko aukerak. Une honetan Perpinyarekin eta Oyonnaxekin puntuetan berdinduta dago, baina beste biak zuri-urdinen atzetik daude. Hiruretatik, gainera, Aviron bakarrik izango da etxean arituko dena, eta horrek nolabaiteko abantaila ere emango dio.

Etorkizuna argitzea oso erraza da Baionako taldearentzat. Irabazten baldin badu, datorren urtean Top 14an jarraituko du. Garaipena ez badu lortzen, bi aurkari zuzenen emaitzei begira geratu beharko du. Hori dena kontuan hartuta, galduta ere, eta defentsako punturik eskuratu gabe ere, Avironek lor dezake mailari eustea, betiere Perpinyak eta Oyonnaxek galtzen badute, eta ez badute puntu gehigarririk lortzen. Bietako batek galduta ere, nahikoa izango litzateke, Avironek berdin jarraituko luke onenekin.

Dena dela, jokalari zuri-urdinek ez dute horri buruz hitzik ere entzun nahi. «Guk irabaztearekin bakarrik pentsatzen dugu. Guk gure kabuz lortu behar dugu mailari eustea. Posible da galduta ere mailari eustea, baina aukera horrekin ez dugu pentsatu ere egin nahi», esan zuen atzo Aretz Igiñizek, Aviron taldeko jokalariak.

Zaleen erantzuna

Jean Dauguerrek beti izan ditu sarrera bikainak, baina gaur ere ez du gutxiago izango; izan ere, sarrera guztiak agortuta daude, eta 17.000 ikusleren babesa izango du gaur talde zuri-urdinak, eta hori ere garrantzitsua izango da. Castres, berriz, bosgarren postuan dago, eta datorren urtean Heineken Kopa jokatzeko txartela segurtatuta dauka, baina ez final-laurdenak jokatzeko eskubidea, eta hori segurtatu nahiko du Baionan.

Igiñiz, Van Rensburg, Manukula, Ertillard, Roumieu, Muller, Tialata, Chisholm, Fa'aoso, Senekal, Haare, Fonua, Marmouyet, Monribot, Olivon, Puricelli, Bielle, Rouet, Fernandez, Ugalde, Ahoteiloa, Rokocoko, Bustos Moyano, Fuester, O'Connor eta Spedding daude deialdian.

Biarritzentzat, oraingoz, azken partida izango da

Biarritzentzat, oraingoz, Top 14ko azkeneko partida izango da, nahiz eta jadanik datorren denboraldia prestatzen ere hasita dauden, berriro ere maila nagusira itzultzeko asmoarekin ari baitira lanean. Oraingoz, gaurkoari begiratu beharko diote. Hainbat jokalarirentzat azken partida ere izango da talde lapurtarrean. Dimitri Yachvilik ez du jokatuko, ez baitago deialdian ere. 14.45ean hasiko da partida, Bordeleren zelaian. Biek ohorea besterik ez dute izango jokoan, dena erabakita baitago. J.L.