Aiert Goenaga
DIECISÉIS AÑOS DESPUÉS

Negu hotzerako maindirea

Zuri-gorrien hemerotekan leku propioa du Vallecaseko estadioak. Eta zuri-gorririk bada bihotzean leku berezia egingo dionik, hori Ernesto Valverde bera izango da. 95/96 denboraldiko azken jardunaldian, Athleticek promozioa ekiditeko jokatu zuen partidan, «hat-trick»-a egin zuen Zigandarekin batera jokalari gisa protagonista izan zen leku berean, Champions League-aren atarikorako txartela lortu baitu; egun entrenatzaile bezala. Handik bi urtera (97/98 denboraldian) lortu zuen talde zuri-gorriak azkeneko aldiz Europako txapelketa nagusirako txartela; Klubaren ehungarren urteurreneko ospakizunetan. Urte asko igaro dira ordutik hona. Jarraitzaile gazteenek ez dute oraindik San Mames erdian izar erraldoiz jositako maindirea ikusteak sorrarazten duen zirrara sentitzeko paradarik izan; eta abuztuan, gutxienik behin bada ere (ea gehiago ziurtatzen diren), edukiko dute. Urrun geratzen baitira Anorthosis, Rosenborg, Galatasaray eta Juventusekin jokatutako partiduak. Urteotan 300 jokalarik baino gehiagok, 10 entrenatzailek, sailkapenean momentu esturen batzuek, galdutako bost finalek (Superkopak barne) eta futbol zelai zaharretik berrirako trantsizioak osatu dute Athleticen historia. Eta diru publikoa. Diru publiko asko. 100 milioi eurotik gora xurgatu dizkigun futbol zelai berria (industria indartzeko Jaurlaritzak onartu berri dituen 78 milioi euroak baino bastante gehiago eta euskararen normalizazioa edo euskalgintzara bideratutako sosen kopuruetatik zazpi mila argi urtetara), hainbat milioi eurotako babesletza kanpainak eta onura fiskalak. Eta hona galdera. Merezi du esfortzu kolektibo honek guztiak? Zelai erdian maindire bat ikustea da gure zenita, etxerako maindire berririk erosteko dirurik ez duten bizilagunak ditugun artean? Ez gabiltza ondo.

Hitzok irakurtzen ari den norbaitek usteko du sailkapenak ez nauela poztu. Jakin ez dela horrela, asko poztu nau eta lerrook aprobetxatu nahi ditut Valverderen taldeak egindako lana zoriontzeko. Horrek, ordea, ez du begietarako estalki izan behar eta komunikabideetako espazio nagusiak laudorioz betetzen diren uneok dira kritiko izateko egokienak, premiazkoenak kasu. Historiak erakutsia baitigu ze funtzio bete duen futbolak masak baretzeko orduan. Ongi dakigu Maradonak Argentinari Mundiala eman zionean zer-nolako mesedea egin zien bertako politikariei. Espainiako selekzioak oraintsu bi Eurokopa eta Mundialarekin egin bezala. Herrialde oso bat espoliatu eta biztanleak pobrezia eta esplotaziora kondenatzen diren bitartean, hauen gehiengoa «yo soy español» harro-harro abesten ipintzea lortu baitu futbolak. Euskal Herriko langabezia eta pobrezia tasak sekulako goren daudenean, beraz, bikain datorkie gure politikariei ere Europarako txartela. Gainera Reala ere Europara doa; a ze mauka! Probintzianistarik akonplejatuena ere pozik! Kafeko orduan arratsaldero bingoari botatako euro guztiez ahaztu eta bi zazpiko ikusten dituenaren subidoi bera izango dute; baina bingoaren kasuan ez bezala, arazoa ez du dirua ipintzen duenak, ipintzen uzten duenak baino. Futbolak «X» urtean behin munduko mapan kokatzen gaituenaren, inguruetako ostalariei enegarren bultzada ekonomikoa suposatzen dienaren eta atzokoa bezalako euforia kolektiboko momentuen aitzakiekin diru publikoaz egindako arinkeria guztiak justifikatuta geratzen dira, eta aski da. Hobe genuke gure politikariek denon dirua eta denon ongizatea kudeatzeko duten denbora munduko mapan kokatuko gintuzketen beste hainbat esparrutan inbertituko balukete. Langabezia Zero esaterako. Edo Pobrezia Zero, Zero Genero Biolentzia, Zero Zabor, Zero Desjabetze, Ustelkeria Zero, Zero entxufe... Zoritxarrez, gosearen eboluzioa erakusten duen grafiko bat eskuetan dutela eginiko argazkiak ez du sekula San Mames berriaren palkoan ateratakoaren «glamour»-ik izango.

Propagandak kontrakoa dioen arren, ebidentziek 2015erako negu gogorra aurreikusarazten dute euskal herritar askorentzat; eta tamalez, zelai erdiko izarak ez dio etxean berogailua ipini ezin duenari berorik emango. Are gutxiago etxea galdu duenari. Hori bai, aupa Athletic!