Espainiako Kopan podium osoa hiru euskal neskentzat
Apirilaren 27an Andaluzian jokatutako Fedme-ren bigarren hitzorduan Ana Conde gailendu zen, Maite Maiora bigarrena izan zen eta Leire Agirrezabala hirugarrena. Postu hori lortu zuen Iban Letamendik ere.
Pasa den apirilaren 27an, mendi lasterketen Espainiako Kopak bigarren hitzordua izan zuen Andaluzian. Trail Cara los Tajos izeneko lasterketan, inolako zalantzarik gabe, euskal korrikalariek erabateko protagonismoa izan zuten. Ez, ez gara berria puzten ari; izan ere, nesken mailan, lehen hiru postuak euskal lasterkarientzat izan ziren: lehena Ana Conde, bigarrena Maite Maiora eta hirugarrena Leire Agirrezabala. Mutiletan, berriz, beste podium bat lortu zuten. Iban Letamendi hirugarren sailkatu zen. Eta hori guztia gutxi balitz bezala, Espainiako Koparen behin-behineko sailkapenaren buru bi euskal lasterkari ditugu: Maiora eta Letamendi.
Aurreratu dugun bezala, bigarren hitzordua Malagako probintzian jokatu zen. Korrikalariek 29 kilometroko ibilbideari zein 1.900 metroko goranzko desnibelari egin behar izan zieten aurre. Nahiz eta egunaren lehen orduetan hotza eta haizea nagusi izan, egunak aurrera egin ahala, eguzkiak benetako protagonismoa hartu zuen.
Eguzkiak bezala, nesken mailan, euskal lasterkariek benetako protagonismoa izan zuten. Aipatu behar dugu euskal ordezkari guztiak ez zirela euskal selekzioaren izenean lehiatu. Lasterketaren hasiera-hasieratik argi geratu zen euskal ordezkariak indartsuenak zirela. Tropelaren buru jartzeaz gain, helmugan lehen hiru postuak erdietsi zituzten.
Azkarrena Ana Conde izan zen. Arabarrak oso indartsu hasi du denboraldia, eta 2:52 denborarekin lehena izan zen. Zortzietakoak-Gaikar taldeko ordezkariaren atzetik, soilik 59 segundora, Maite Maiora sailkatu zen. Gipuzkoarrak ere sasoiko hasi du denboraldia, hainbat lasterketa irabazi baititu. La Sportiva-Multipower taldeko lasterkariaren atzetik, eta hirugarren postuan, euskal selekzioko ordezkari Leire Agirrezabala geratu zen, irabazlearengandik bost minutu eta 24 segundora. Euskal selekzioko bigarren lasterkaria, Uxoa Irigoien, zazpigarrena izan zen.
Apirileko azken igandean jokatu zen lasterketa Espainiako Koparen bigarrena izan zen, eta behin-behineko sailkapenaren buru Maiora dugu.
Letamendi, hirugarren
Mutilen lasterketa oso azkarra izan zen. Zaid Ait lehen kilometroetan aurrean joan zen, eta atzetik sei lasterkari zituen; tartean Iban Letamendi.
Euskal selekzioko ordezkaria indartsu iritsi zen bigarren proba honetara, eta Luis Alberto Hernando edo Miguel Caballero bezalako lehiakide gogorrak alboan ez bazituen ere, meritu handiko hirugarren postua sinatu zuen.
Irabazlea Ivan Ortiz izan zen 2:27 denborarekin. Minutu batera Alfredo Gil helmugaratu zen, eta Letamendi ia 2 minutura. Aipatu beharra dago gipuzkoarrak azken kilometroetan bigarren postua galdu zuela. Alabaina, behin-behineko sailkapenean Letamendi lehena da. Euskal selekzioko beste kide bat, Hassan Ait Chaou, zortzigarrena izan zen.
Hirugarren proba ekainaren 15ean jokatuko da Vallibiernan.

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
