Jon LEUNDA

Aviron da orain errugbiko lehen euskal taldea, Biarritz aurreneko aldiz Pro 2ra jaitsi ostean

Denboraldi kaskarra izan da aurtengoa Top 14ko bi euskal taldeentzat. Hala ere, Avironek onenekin jarraitzeko modua egin du. Biarritzek ez, ostera, eta lehen aldiz Pro 2 Mailan jokatu beharko du. Urte oso onak ere izan ditu, tituluak lortutakoak, baina orain hutsetik hasi beharko du.

Urte zaila izan da Top 14ko bi talde lapurtarrentzat. Avironek azkeneko unean mailari eustea lortu baldin badu ere, ezin esan gauzak ongi joan direnik, eta are gutxiago sasoia hasi aitzin bi taldeek helburua Heineken Kopan sartzea zela adierazi zutela aintzat hartuta.

Inork uste ez zuena gertatu da; izan ere, Biarritzek Pro 2an jokatu beharko duela ez zuen inork uste, baina zuri-gorriak hasieratik sartu ziren zuloan, eta ez dira jaitsiera postuetatik irten. Gabonetarako nahikoa garbi zegoen Aguilerako taldeak non jokatu beharko zuen. Une batez esnatuko zirela ematen zuen, baina azkenean ez da ezusterik egon eta zuri-gorriak behera erori dira.

Horren arrazoiak bilatzeko leku askotara begiratu behar da. Aurrekontua laburtu izanak bakarrik ez du balio, Biarritzek baino aurrekontu txikiagoa duten talde batzuek oso lan ona ere egin baitute Top 14an. Egia da zortea ere falta izan zaiela; izan ere, lesioak bata besteren atzetik izan baititu. Hasiera txarra izan zen. Lesionatu ugarirekin ohikoak ez ziren jokalari gazteekin abiatu zen, eta berehala sartu zen zuloan. Azken urte hauetan ikurrak izan diren jokalariek ere ez dute berea eman. Yachvili, Harinordoki, Traille edo Ngwenya ez dira lehengoak, eta agian horiei ordezkoak ere bilatu beharko zitzaizkien. Hasieratik behean sartu izanak ere zerikusi handia izan du, Biarritz ez baitago hor ibiltzen ohituta, eta azkenik hasieran uste ez zena gertatu da.

Aviron, aldiz, azkeneko urte hauetan hor dabil amaierako unera arte mailari eusteko borroka horretan. Denboraldi oso irregularra egin dute zuri-urdinek. Etxean oso indartsu agertu dira, baina arazoak handik kanpo jokatzen duenean azaltzen dira. Biarritzen bakarrik irabazi dute, eta hori gabezia handia da. Etxean partidaren bat edo beste huts eginez gero, komeriak etortzen dira, eta aurten ere hor arazo potolo bat izan du.

Garbi dago, halaber, fitxaketekin ez dutela asmatu ez aurten, ez eta aurreko urteetan ere. Goian ibili beharko zuen, edo hori zen esaten zutena, baina beti behean ibili da. Urtero bezala, azkeneko unean lortu du egoera konpontzea, baina gauzak aldatzen ez badituzte, arazoak hortxe jarraituko du, eta urteren batean Pro 2rako bidea egin beharko du, gauzak konpontzen ez badira.

Etorkizuna

Batasunari buruz asko hitz egin da. Gehiago izan da Biarritzen aldetik Avironen aldetik baino, eta azkenean zuri-urdinek iragarri zuten ez zela horrelakorik izango. Zaleen artean sentimendu asko dira, eta gehiengoa da gaur egun bakoitzak berea egitea nahiago duena, nahiz eta mailaz jaisten jarraitu. Kanpotik gehiago dator batasun horren eskaria barrutik baino, eta hori ere oso kontuan hartu beharko da.

«Nik ez dut gehiago Avironen eta Biarritzen batasunaren gainean hitz egin nahi. Ez dut uste batasun hori egun posible denik eta izango denik. Agian, behetik sortuta denontzat izan daitekeen euskal talde berri bat bultzatu beharko litzateke, eta hari eman indarra», esan du Jean Pierre Elissaldek, Aviron taldeko entrenatzaile ohi eta Ipar Euskal Herriko errugbia primeran ezagutzen duen entrenatzaile beteranoak.

Garbi dago datorren urteari begira bakoitzak bere bidea egiteari ekingo diola, eta Biarritz jadanik ari da bere sasoia prestatzen. 11,7 milioi euroko aurrekontua izango omen du, eta asko dira taldea utziko dutenak; horien artean, Yachvilik, taldeko ikur nagusia izan denak, errugbi profesionala uztea erabaki baitu. Bere gisan, alboan izan dituen Traille, Peyrelongue eta Lesgourgues ere ez dira berriro etxeko bezala Aguileran arituko, Pauera, Akizera eta Bordelera joango baitira.

Horiekin batera, Heguy, Gomez Kodela, Genevois, Brew eta Lakafia ere ez dira Biarritzen arituko. Beste mordo bat ere joango da, nahiz eta ez dagoen segurtatuta, eta agian Imanol Harinordokik berak ere utziko du Aguilera. Lyon eta Toulon bere atzetik omen dabiltza. Etorriko diren beste batzuen berri ere eman dute; besteak beste, Noirot, De Luca eta Hewitt, izango dira Top 14rako bidean taldea gidatu behar izango duten jokalari berriak, geratzen direnekin nahastuta, eta hor jarraituko du Ngwenya amerikarrak ere.

Avironek lasaiago prestatuko du etorkizuna, ez baitauka oraindik horrelako beharrik ere, eta Biarritzek ez bezala, gainera, azkeneko unera arte borrokan aritu behar izan baitu. Hori bai, aurrekontua murriztuko dute aurten. Hurrengo urtean izango ez dena lapurtarren derbia izango da, eta hori faltan botako da. Iaz bezalaxe, aurten ere zuri-urdinak zuri-gorriak baino gehiago izan dira.