Koldo Zuazoren euskalkien mapa, ausardia baino askoz gehiago
Ibilbide luzea jorratu du Koldo Zuazok gaur egungo euskararen ezaugarriak gero eta zehatzago erakusteko. Donostian aurkeztu berri duen «Euskalkiak» saioan bildu du hogeita bostetik gora urtean egindako lana.

Aspaldi hasi zuen Koldo Zuazok «Euskalkiak» saioa, berak haren hitzaurrean dioenez, 1997an Iruñean egin zuen hitzaldi batean euskalkien sailkapen berria aurkeztu zuenean. Kritika ugari jaso omen zuen hitzaldi hura zela-eta: «Ausardia handia iruditu zitzaion askori proposamen berria, nonbait ere ezjakintasunak ekarri ohi duen arinkeriaren ondorioa. Bonaparteren mapa aberats eta dotorearen ordez erkina eta ziztrina zen beste bat aurkeztea, berriz, lotsagarria». Halere, Zuazok, «kritika zaparradak kikildu gabe», «Euskalkiak, gaur» izeneko artikulua argitaratu zuen 1998an «Fontes Linguae Vasconum» aldizkarian, gaur egungo euskalkien sailkapena eta hori egiteko irizpideak azaldu eta euskalkiz gaindiko eremuak biltzen zituena. Artikulu hartan, gaur egun bizirik dauden euskalkiak bostera mugatu eta haien ezaugarriak erakutsi zituen.
Alde batetik, euskara, leku guztietako euskara, nabarmen aldatu da XIX. mendetik. Zeresanik ez joan den mendearen bigarren erdian, hedabideen eta euskara batuaren sorreraren eraginez. Euskal Herri osoan zehar bertatik bertara jasotako lekukotzak argi asko erakutsi zion Zuazori euskalkiak elkarrengana hurbildu zirela. Eta bestetik, Bonapartek euskalkiak sailkatzeko erabili zituen 74 inguru irizpideak aztertuta, modu egokian erabili ote zituen zalantzan jarri zuen. Zenbait kasutan, behinik behin, argi dago ezetz, batez ere mugako hizkeretan. Hiruzpalau ezaugarri ez dira nahikoa hizkera bat euskara giputzean edo nafarrean kokatzeko, edo nafar-lapurtarra ala nafarra den bereizteko. Zuazok baliatu zituen ezaugarriak euskal hizkeren berrikuntzei dagozkie. Berrikuntza horiek, gainera, hedatuak eta emankorrak izan behar dute -hau da, eskuarki eta erregulartasunez betetzen direnak-, baita gaur egun erabiliak ere. Irizpide horien araberako 108 ezaugarri baliatu zituen bere sailkapena egiteko.
2003an, «Euskalkiak, Herriaren lekukoak» liburua argitaratu zuen, bere sailkapena zehatzago eta luzeago azalduta eta mapaz hornituta; halaber, euskalkien ezaugarri gehiago agertuta. 2008an datu eta mapa gehiago erantsi zion lanari «Euskalkiak, euskararen dialektoak» lanean, eta «tarteko hizkerak» ere nabarmendu zituen, euskalkien zein azpieuskalkien arteko mugak, oro har, lausoak dira-eta.
«Euskalkiak» honetan, bere azken ikerketen berri ematen digu; euskalkiez gainera, azpieuskalkiak eta sumatu dituen 16 hizkeretako sei erakusten ditu. Baita eremu supradialektalak ere: euskalki bakar batera mugatzen ez diren ezaugarrien eremuak, bi euskalkik edo gehiagok partekatzen dituztenak, alegia.
Lan itzelaren ondorioa
Liburuaren azaleko iruzkinaren arabera, hogeita bost urteko lana da, 1989an herriz herri lekukotzak jasotzen hasi zenetik osatutakoa. Nik, ordea, eta barkatuko ahal dit Zuazok atrebentzia, urte gehiagoko lana sumatzen dut «Euskalkiak» liburuan. Izan ere, 1988an argitaratu zuen «Euskararen batasuna» tesi laudatuan euskararen batasuneranzko bide luzea aztertu zuen. Lan hartan, besteak beste, edo gehienbat, euskalkien arteko alde txikia aipatu zuen. Hain zuzen ere, zenbait urte geroago garatuko zuen hipotesiaren arabera, euskalkien arteko alde txiki horrek erakusten du euskalkiak ez direla oso antzinakoak. Hizpide dugun liburu honetan, hain zuzen, azken urteetan garatzen joan den euskalkien sorlekuen gaineko hipotesi jakingarria, argibide gehiagoz osatua, irakur dezakegu.
Ausardia? Baliteke, baina batez ere sena erruz, eta jakituria, lan eskergaren ondorioa.

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa
