«Iraultza», Etxaurin zabaldutako kutsu alpinoko azken obra
Pasa den apirilaren 12an, Asier Lukek eta Ekaitz Maizek «Iraultza» bidea behetik eta progresiorako artifiziala erabili gabe sortu zuten. «Bizitza dastatzen» sektorean dago, 100 metro luze da eta lau luze ditu: 7b, 7b+, 7b eta V. Giro eta estetika handiko marra da.
Nahiz eta bere kide hurbilekoenek dioten «hiperaktiboa» dela, aitortu behar da azkenaldiotan Ekaitz Maizen izena ez dugula batere entzun. Baina etxauriarraren inguruko albiste «lehortea» pasa den apirilaren 12an bukatu zen. Izan ere, Maizek, Asier Lukerekin batera, etxean bertan, Etxauriko «Bizitza dastatzen» sektorean, «Iraultza» bidea (7b+, 100 m) zabaldu zuen. Jakina, bere filosofiari jarraituz, behetik eta progresiorako artifiziala erabili gabe.
Horrela bada, nafarrak izaera alpinoa duen beste marra bat eskaini dio eskalatzaileen kolektiboari: «Bolada luzea neraman izaera horretako biderik zabaldu gabe. `Harri gosea' (9a) kateatu nuenetik lasai ibili naiz; agian, gehiegi. Hainbat gauza direla tarteko ez dut asko eskalatu, baina esan behar dut bide hori ikusi nuenetik, zabaldu eta kateatu arte, buruan izan dudala».
Aurreratu dugu Lukek eta Maizek sortu berri duten proposamena «Bizitza dastatzen» sektorean dela. Han, besteak beste, «Tormenta de Este» eta «Pata negra» bezalako marrekin lekua partekatzen du. Hots, «katxarreatzeko» diren bi bide alpinorekin .
Lerrootako protagonistak dio pribilegiatua sentitzen dela, 2014. urtean izaera horretako bide bat zabaltzeko aukera izan duelako: «Etxaurik ez ditu pareta luzeak, baina sektore horrek, bederen, aukera ematen du. Asierrek eta biok zabaldu berri dugun marra estetikoki zoragarria da. `Iraultzak' duen izaeragatik, aukera eman digu abenturatxo bat bizitzeko, behetik zabaltzeko oso aproposa delako. Oso ohikoak ez diren pare bat zeharkaldi ditu, eta horiek sekulako giroa ematen diote. Zailtasunari dagokionez, ez zait iruditzen oso derrigortua denik».
Lau luze
100 metro aurretik eta lau luze. Lehena da jarraikortasun gehien duena. Maizek dioenez, heldulekuak ez dira txikiak, baina erori pixka bat du, eta azken bavaresa-k ondo «berotzen» ditu besaurreak: «Bigarrena zailena eta derrigortuena izan daiteke. Txapa batek erregeletaz jositako sekzio bat babesten du. Txorrera batera heldu eta sabaien atean dagoen erlaitz batean bilera bat atondu genuen. Hortik, zeharkaldi bat egin behar da, txapa batekin blokeko mugimendu bat babestu da diedro batean sartzeko. Amaitzeko, `katxarreatzen', agerikoena den lekutik eskalatu behar da».
Luze bakoitza nola dagoen babestuta begiratzen badugu, lehenak kirol eskaladako kutsua du: «Nahiz eta errepikapenek zer edo zer garbitu duten, hasieran arroka bolatxo hauskorrez josia zegoen. Horretaz gain, ez zitzaigun iruditu friend zein fisureroekin babesteko marra egokia zenik. Gainera, `Iraultza'-ren eskuinean zein ezkerrean dauden marrak kirol eskaladakoak dira, eta era horretara ekipatzea erabaki genuen».
Lehen luzeak 10 txapa ditu; bigarrenak eta hirugarrenak, aldiz, 3 eta 2, hurrenez hurren: «Ez dut uste hain txapa gutxi jartzeko gehiegi fortzatu dugunik. `Iraultza'-k maila jakin bat edukita, uste dut gozatzeko moduko proposamena dela. Eta, hain zuzen ere, helburu horrekin zabaldu genuen. Agian, beste une jakin batean txapa gutxiago jarriko nizkion, baina egun horretan horrela gertatu zen».
Azken marra hau zabaldu eta haren inguruko xehetasunak eman ondoren, Maizek honako deia egin nahi du: «Ea `kutsu alpinoko' bideak errespetatzen diren. Noizean behin horietako batzuk `errekipatzen' dituzte, eta Etxaurin adibideren bat edo beste badugu. Guk bizitako `abenturatxoa' txapez josia ikustea ez litzaidake batere gustatuko. Bide berri honekin batera, euskal presoei besarkadarik beroena bidali nahi diet».

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
