Oñatiko mendietan, gauez eta egunez, bi euskal txapelketa
Maiatzaren 2an, Euskadiko Bertikalen Txapelketan Montserrat Vazquez eta Iñigo Lariz gailendu ziren. Hilaren 4an, berriz, Euskadiko Taldekako Txapelketa izan zen, eta faboritoak irabazi zuen: Sestao Alpinok.
Maiatzaren Lehenaren zubia aprobetxatuz, betiere mendi lasterketen egutegiari dagokionez, Euskal Mendizale Federazioak bi hitzordu ofizial antolatu zituen: Euskadiko Bertikalen Txapelketa eta Taldekako Txapelketa. Horretarako, Oñati «hiriburu» izendatu zuten.
Hilaren 2an, bertikaletako espezialisten txanda izan zen. Euskal txapelketa zenez, jakina, etxekoen parte-hartzea handia izan zen, baina, hala ere, kanpoko beste lasterkari indartsu batzuk ere bertaratu ziren. Agusti Roc katalana horietako bat izan zen.
Hitzordu ofizial honek eite bereizgarri bat izan zuen: gauez jokatu zen. Bai, irteera puntua Arantzazun zuten gaueko 21.30ean. Helmuga, berriz, Butraitzen. Ibilbide gogorra aurretik: 2,7 kilometro eta 720 metroko goranzko desnibela. Eta, jakina, ibilbidea argiztatua bazegoen ere, lehiakideek kopetako-argiarekin egin zuten korrika.
Gauez izan arren eta eguraldiak batere lagundu ez zuen arren, lasterketaren lehen ekitaldi horretara makina bat ikusle bertaratu zen. Ibilbide aldapatsu horretan nesketan azkarrena Montserrat Vazquez izan zen, 37:42 denborarekin. Haren atzetik Nerea Amilibia ia minutu batera helmugaratu zen, eta hirugarrena Maddi Arrazola izan zen. Horixe izan zen euskal podiuma.
Mutiletan, bestalde, Iñigo Larizek irabazi zuen 27:57 denborarekin. 9 segundo eskasera Agusti Roc iritsi zen, eta hirugarren postua Ionut Zincarentzat izan zen. Euskal txapelketari dagokionez, beraz, Lariz lehena, Zinca bigarrena eta Imanol Goñi hirugarrena.
Sestao, txapeldun
Maiatzaren 4an, Aloñako mendi lasterketaren X. edizioa jokatu zen. Aurreratu dugun bezala, hitzordu hori Euskadiko Taldekako Txapelketarako baliagarria izan zen. Eta azken urteotan bezala, Sestao Alpino taldeak jantzi zuen txapela.
Azken hitzordu horretan, adibidez, erabateko nagusitasuna erakutsi zuen. Izan ere, lehen hamar sailkatuen artean bost lasterkari sartu zituzten bizkaitarrek: Ionut Zinca (1), Pedro Jose Hernandez (4), Abderrahim El Qayed (6), Joseba Urbano (7) eta Asier Aguado (10). Bigarren talde sailkatua Arratzuko Arrolape izan zen eta hirugarrena Tolosako Oargi.
Lasterketari dagokionez, 22,6 kilometroko ibilbidean azkarrena Zinca izan zen 2:00:04 denborarekin. Lehia ia guztian Imanol Goñi alboan izan zuen, baina azken hiru kilometroetan Zincak «bosgarren martxa» sartu eta lehena izan zen helmugan; Goñi 35 segundora helmugaratu zen. Hirugarren postua Jokin Lizeagarentzat izan zen.
Nesken kategorian, Ana Condek ez zuen arazorik izan irabazteko. Arabarrak berriro ere erakutsi du oso sasoiko dagoela. 2:31:57 denbora egin zuen, eta bigarren sailkatuari, Alizia Olazabali, 20 minutuko aldea atera zion. Hirugarren postuan Andrea Gil iritsi zen.

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
