Andoni ARABAOLAZA
Eskalada | Espainiako Koparen bigarren proba

Mikel Linazisoro eta Irati Anda berriro garaipenaren bidetik

Maiatzaren 10 eta 11n Espainiako Koparen bigarren hitzordua izan zen, Bartzelonan. Lehen proban ez bezala, euskal selekzioaren ordezkariek podium gutxiago erdietsi zituzten. Halere, Irati Anda eta Mikel Linazisoro berriro gailendu ziren. Miriam Mulasek eta Bittor Espartak brontze bana lortu zuten.

Fedme-k antolatutako Espainiako Eskalada Kopak bigarren hitzordua izan berri du Bartzelonan. Ohi den legez, bi eguneko lehia, maiatzak 10 eta 11; eta makina bat eskalatzaile, erregularitatea neurtzen duen zirkuitu horretan ahal duten onena ematen. Eta, beste behin, Euskal Mendizale Federazioak atondutako euskal selekzioak emaitza onak sinatu ditu. Euskal ordezkariek Zaragozan jokatu zuten proban baino podium gutxiago eskuratu dituzte, baina, oro har, aurreratu dugun bezala, emaitza txukunak sinatu dituzte: bi urre eta bi brontze. Irati Anda, seniorretan, eta Mikel Linazisoro, 16 urtez azpikoetan, gailendu ziren. Hots, euskal selekzioaren bi ordezkari hauek jokatu dituzten bi probak irabazi dituzte. Miriam Mulas, berriz, 20 urtez azpikoetan hirugarren postuan sailkatu zen, eta gauza bera erdietsi zuen Bittor Espartak, baina 18 urtez azpikoetan. Aurreratu dugun bezala, podium gutxiago, baina azpimarratu behar da ia euskal ordezkari guztiak finaletara iritsi zirela.

Lehen lehia egunean, seniorretan, parte-hartzaileen kopurua oso eskasa izan zen. Dagoeneko, krisi hitza entzuten hasi da. Mutiletan hamasei lehiakidek eman zuten izena; eta nesketan, aldiz, hamabik.

Alabaina, irabazleen gidoia ez zen batere aldatu; izan ere, Zaragozako proban gailendu zirenek, Irati Andak eta Ramon Julianek, berriro lehen postua eskuratu zuten. Gasteiztarrak sasoiko dagoela erakutsi zuen. Finalerdietako bidea, adibidez, kateatzea lortu zuen, eta finalekoan ere ondo baino hobeto lehiatu zen. Andarekin batera, beste bi euskal ordezkarik erdietsi zuten finalerako txartela: Zuriñe Arruek eta Ane Mujikak.

Andak goi mailako bi lehiakide izan zituen alboan. Helena Aleman eta Andrea Cartas presioa sartzen saiatu ziren, baina arabarrak bere lehiakideak baino hiru txapa gehiago gainditu zituen, eta garaipena lortu zuen. Probaren amaieran, Andak baieztatu zuen garaipenak pixka bat ezustean harrapatu zuela, besteak beste, finalean ez zelako batere eroso sentitu.

Mutiletan, bestalde, Ramonetek beste behin argi eta garbi utzi du beste esfera batean dagoela: finalerdiko zein finaleko bideak kateatzen bakarra izan zen. Sailkapenekoan ere Victor Esteller katalanak top egin zuen, eta gainerako lehiakideak nahiko atzean geratu ziren.

Euskal ordezkariei dagokienez, Iñaki Arantzamendi eta Gorka Karapeto finalera pasatu ziren. Arantzamendik laugarren postua poltsikoratu zuen eta Karapetok bosgarrena. Lehen bi proba jokatu ondoren, Espainiako Koparen behin-behineko sailkapenaren buru Anda eta Ramonet dira.

Linazisoro, garaile

Nagusietan ez bezala, 16, 18 eta 20 urtez azpikoen kategorietan izaniko parte-hartzea askoz ere handiagoa izan zen. 16koan, Mikel Linazisorok ondoz ondoko bigarren urrea irabazi zuen. Berriro ere erakutsi zuen maila horretan onena dela, eta horren erakusle da finalaren bidea kateatzen bakarra izan zela bergararra. Andoni Esparta ere ondo lehiatu zen eta laugarren postua eskuratu zuen, eta Eneko Carreterok zazpigarrena. Nesketan, Muriel Ruiz de Larramendik (nafar federazioarekin lehiatu zen) seigarren postua lortu zuen, eta Marta Camarak hamargarren postuan sailkatzeko aukera izan zuen.

18 urtez azpikoen mailan, soilik podium bakarra ekarri zuten etxera. Hain zuzen ere, Bittor Espartak brontzea eskuratu zuen. Gorka Ruiz, berriz, seigarren postuaz jabetu zen. Andrea de Goñi (nafar federazioa) zazpigarren postuan sailkatu zen.

Eta 20 urtez azpikoen mailan, Miriam Mulasek beste podium bat sinatu zuen. Aurreko proban zilarra izan bazen, bigarrenean brontzea lortu du. Lukas Hernandezek seigarren postua poltsikoratu zuen. Espainiako Koparen hirugarren eta azken hitzordua ekainaren 7an izango da, Lleidan.