Gipuzkoarren loraldia
Altuna eta Artolaren debutekin, herrialde honetako profesional kopurua 13ra helduko da datorren hilean.

Kualitatiboki oraindik Nafarroak gainontzeko herrialdeei koska handi bat jaten dien arren, badirudi kuantitatiboki zerbait aldatzen ari dela esku pilotaren koadro profesionalean. Izan ere, nafarrek gehiengoa izaten jarraituko duten arren (18), ekainerako prestatuta dauden Artola eta Altunaren debutekin, pilotari gipuzkoarren zenbakia asko hurbilduko zaio, 13 izango baitira bertan jaiotakoak, nahiz eta zaila izango den horietako bat, Aritz Laskurain, berriz ere kantxetan ikustea.
Egia da, Jon Ander Albisu kanporatuta, Gipuzkoa ordezkaririk gabe geratu dela lehen mailako Buruz Burukoan, baina bi enpresa nagusietako koadroa nabarmen urritzen ari den honetan, bereziki deigarria da Gipuzkoak bere profesional kopururik handiena orain izatea, are gehiago, 2013ko hasieran Aspek Asier Arrutiri kontratua ez berritzeko erabakia hartu zuenean, zortzi baino ez zirela kontuan hartuta.
Oraindik egunak zehazteke dauden arren, datozen asteetan Tolosaldeko beste bi pilotariren debutak ikusiko ditugu eta orotara sei izango dira bailara honetako profesionalak, bertan gauzak ondo egiten ari diren seinale. Apirilaren 16an jokatu zuen Iñaki Artola alegiarrak bere azken txapelketa pribatua Zumarragan profesionaletarako debuta prestatzeko asmoz eta, tamalez, eskuko min batek behartuta, GRAVNIko finalerdiak jokatzeari uko egin behar izan zion duela hiru bat aste. Behin lesio hori gaindituta, ekainean zehar debutatzea zen Asegarcek prestatutako ibilbide orria.
Jokin Altuna amezketarraren kasuan, logistika arazo batzuek bere kontratua sinatzea oztopatu duten arren, -datorren astean zehar egitea da normalena- akordioa erabat itxita dago eta oso da posible aurrelariak San Joan egunez Eibarko Astelenan jokatzea profesionaletako bere lehen partida.
Seitik bost
Egun eta leku horixe bera aukeratu zuen Aspek iaz egungo Promozio mailako txapeldunei, Erik Jaka eta Beñat Rezustari, euren lehen aukera emateko eta oso esanguratsua da, urtebete honetan izandako edo izango diren sei debutetatik bost gipuzkoar pilotarienak izango direla, Lizartzakoa eta Bergarakoa aintzat hartuta.
Aipatutako bi horiez gain, Ibarrako Xabi Tolosak eta Sartagudako Diego Iturriagak egin dute debuta profesionaletan. Jaka eta Rezustari baino egun pare bat lehenago heldu zitzaion aukera Victor errioxarrari eta 2013ko hasieran Mikel Larunbe bizkaitarrak jo zuen jauzia.
Aritz Laskurainekin gertatzen denaren esperoan -ez dirudi jokatzeko inolako aukerarik izango duenik- beste aldaketarik ezean, 51 pilotarirekin ekingo diote Asegarce (27) eta Aspek (24) udako denboraldiari.
Horietatik 18 -Apezetxea, Barriola, Ezkurdia, Jaunarena, Irujo, Pascual, Retegi Bi, Zabaleta, Zubieta, Arretxe II.a, Begino, Bengoetxea VI.a, Beroiz, Idoate, Iturriaga, Galarza, Olaizola II.a eta Tainta- izango dira Nafarroan jaioak, hau da %35,29. Gipuzkoarrak (Laskurain kontuan hartu gabe) 12 -Altuna, Lasa, Jaka, Mendizabal III.a, Peñagarikano, Rezusta, Tolosa, Albisu, Mendizabal II.a, Olaetxea eta Saralegi- %23,52; 9 bizkaitarrak -Larrinaga, Apraiz, Aretxabaleta, Berasaluze II.a, Elezkano, Ibai Zabala, Iza, Larunbe eta Urrutikoetxea- %17,64; 8 errioxarrak (Titinek urrian utziko dio profesional izateari) -Cecilio, Gorka, Merino anaiak, Titin III.a, Rico, Untoria eta Victor - %15,68; eta 2 lapurtarrak -Xala eta Lemuno- %3,9.
Oraingoan enpresa bakoitzak pilotari gipuzkoar bat fitxatuko duen arren, nabarmena da Aspek eta Asegarcek merkatua ondo banatuta dutela eta Eibarko promotorak gehiago jotzen duela Gipuzkoa aldera, eta Bilbokoak Bizkaira. Hala, Aspek pilotari bizkaitar bakarra dauka, Larrinaga, eta zortzi, aldiz, Asegarcek; gipuzkoarren kasuan, 8 dira Aspekoak eta 5 Asegarcekoak.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
