Andoni ARABAOLAZA
KIROL ESKALADA | Bi kateatze adierazgarri

Gullich-en arrastoaren bidetik haize berriak Frankenjuran

Alex Megos alemanak 2 ordu soilik behar izan zituen 9a zailtasuneko munduko lehen bidea, «Action directe», eskalatzeko. Bitartean, Melissa Le Neve frantziarra Wolfgang Gullich-en beste bide historiko bat, «Wall Street» (8c), sinatu duen lehen emakumezkoa izan da.

Bizirik balego, Wolfgang Gullichek pare bat iritzi emango lituzke. Bai, eskalatzaile alemaniar historikoa pozik egongo litzateke sinatu zituen bi bide enblematikok jaso dituzten kateatze adierazgarriengatik. Horretan ez dago zalantzarik. «Action directe» eta «Wall Street» marrekin, Gullichek garai hartako kirol eskaladari benetako ekarpena eskaini zion. Lehena 1991. urtean egin zuen, eta 9a zailtasuneko munduko lehen marra bihurtu zen. Bigarrena, berriz, lau urte lehenago igo zuen, eta 8c graduko munduko lehen bide bezala agertu zen.

Bada, biak ala biak makina bat aldiz errepikatu badira ere, azkenaldion Alex Megosek eta Melissa Le Nevek marra bakoitzean egin dutena azpimarratzeko modukoa da. Megosek, adibidez, «Action directe» kateatzeko 2 ordu soilik behar izan ditu. Le Neve, berriz, «Wall Street» eskalatu duen lehen emakumezkoa izan da.

Bi protagonistok Gullichek utzitako arrastoari segitu diote. Frankenjurako eskaladari nolabaiteko haize berria eskaini diote; beste era batera esanda, Megosek zein Le Nevek erakutsi dute ukitu «txiki» batekin bide historikoek oraindik ere gaurkotasuna dutela.

Frankenjuran murgilduko gara, beraz, lerrootan, eta lehenik eta behin, Megosek «Action directe»-n eginiko lanarekin hasiko dugu. Alemaniar gaztea aski ezaguna da dagoeneko, batez ere 9a bistan kateatu duen lehen eskalatzailea izan delako; Siuranako «Estado critico» izan zen marra. Horretaz gain, muturreko bideak oso saio gutxitan egitera ohitu gaitu. «Action directe» ere 9a da, eta bi ordu soilik behar izan zituen Gullichen bide hori sinatu ahal izateko.

Hilaren 3an izan zen, eta eguna lehorra baina oso hotza esnatu zen. Aurretik, 12 metro luze den eta 16 mugimendu dituen (45graduko eroria) bide motz eta esplosiboa. Hatz bateko zein biko heldulekuetan mugimendu dinamikoak; horixe da Megosek kateatu berri duen bidearen estiloa. Eta aurretik, 16 igoera.

Duela urtebete, eskalatzaile gazte honek Frankenjurako bi bide zailenak igo zituen: «Classified» eta «Corona». Biak ala biak 9a+ gradukoak. Baina, bitxia bada ere, Megos ez zen «Action directe»-n saiatu; bere hitzetan, «oso zaila delako eta nire ezaugarrietarako ez delako batere egokia». Hil honetan, berriz, 20 urteko eskalatzaileak iritzia aldatu eta saiatu egin da. Saiatu eta lehen ekinalditik soka katetik pasa zuen arte 2 ordu eskas igaro ziren; hots, «Action directe»-k izan duen igoerarik azkarrena izan da.

Bide berezia

Nahiz eta bistan ez zuen lortu, Megos pozarren dago eginiko igoera azkar horrekin: «Zalantzarik gabe, igoera hau niretzat oso garrantzitsua da. Gullichen bidea da, munduko lehen 9a eta nire etxetik gertu dago. Faktore horiek guztiek marra horri izaera berezia ematen diote. Txikitan bide horren oinarritik makina bat aldiz pasa naiz, eta beti harekin egin dut amets».

Gaztearen ibilbidea ikusirik, kateatze azkar horrek ez du inor ezustean harrapatu. Megosek kontatu duenez, lau saio behar izan zituen: «Nire hatzak berotzeko 7b+ graduko bide bat eskalatu nuen. Ondoren, `Action directe'-ren ondoan dagoen 8a+ bat ere igo nuen, batez ere nire xedearen mugimenduak eta heldulekuak aztertzeko. Lehen saioan hatzak nahiko hotz neuzkan eta bidea ikuskatu baino ez nuen egin. Bigarrenean hobeto jardun nuen, baina erdialdean erori nintzen. Bost minutuko atseden laburra egin (hatzak ez hozteko), beste saio bat eta amaieran erori nintzen. Neure buruarekin nuen presioa areagotzen ari zen, hotza egiten zuen (5gradu)... baina oso motibatuta nengoen. Tenperatura 7gradura iritsi zenean, laugarren eta azken saioa egin nuen eta, erorikorik gabe, katera heldu nintzen. Nire xedea ez zen bistan saiatzea, baizik eta flash eran».

Lehen emakumezkoa

Frankenjuratik atera gabe, Le Neve frantziarrak «Wall Street» bidean lortutakoarekin jarraituko dugu. Nahiz eta emakumezkoen maila bederatzigarren graduan egon, gazte honek eginikoa garrantzitsua da oso. Batetik, munduko lehen 8c igo duelako; eta bestetik, marra horren estiloa emakumezkoentzat oso gogorra delako. Bidearen zailtasuna katetik lau metrora dago. Blokeko sei mugimendu gogor dira, 7b+ edo gehiagokoa.

Frantziarrak ere eite horri garrantzia eman nahi izan dio: «Amaiera aldean dagoen blokeko sekzioa oso gogorra da. Denbora asko pasa nuen mugimendu horiek probatzen; oso-oso zehatza behar duzu izan, eta ezin duzu hutsik egin. Azkenean, 10 eguneko lana izan zen. Marra, berez, ederra da oso, eta kirol eskaladaren historiarako garrantzia handia izan du: Gullichek 1987. urtean munduko lehen 8c igo zuen. Hots, ni oraindik jaio gabe nengoen».

Frantziarrak 24 urte besterik ez ditu eta, beraz, hiru hamarkada behar izan dira emakumezko baten lehen igoera iristeko. Le Nevek dio bide hori bi arrazoirengatik aukeratu zuela: «Batetik, kirol eskaladaren historia asko gustatzen zaidalako eta Gullichek eginikoa egundoko balentria izan zelako. Eta bestetik, bidearen izenak Pink Floyden `The Wall' bilduma asko gogorarazten didalako. Aipatu behar dut, iazko urrian, bi egunez, `Wall Street' probatu nuela, baina, baldintzak kaskarrak ziren eta etxera itzuli nintzen. Uste nuen nire ezaugarrietarako ez zela batere egokia izango, baina ondo moldatu naiz. Bidearen goialdean duen giltzan gogor ahalegindu nintzen, eta azken mugimendu gogorrean gutxienez hamar aldiz erori nintzen. Saio horiek (hiruzpalau egunekoak) leher eginda uzten ninduten».

Frantziarrak ere gogoratu nahi izan du estilo horretako bideetan akatsek ez dutela lekurik: «Jakin banekien blokeko mugimendu gogor horiek egiteko gai nintzela, baina, era berean, jakin banekien ehuneko ehun kontzentratu behar nuela. Egin ditudan muturreko beste marra batzuekin alderatuta, `Wall Street'-ek ez dauka zerikusirik. Harrigarria da!».