Jon LEUNDA
Aizkora | Urrezko lehiaketa

Rekondo uste baino errazago sartu da final handian

Leitzar gaztea zen azkeneko finalerdia irabazteko faborito nagusia, eta ez zuen ezusterako tarterik utzi, garaipena lortu, eta txapelaren lehian arituko baita.

Jon Rekondok lortu zuen Urrezko Aizkorako finala jokatzeko hirugarren eta azkeneko txartela. Urrotzen jokatu zen kanporaketako onena izan zen leitzar gaztea, eta uste baino errazago lortu zuen, gainera, Azpeitiko saiorako sarbidea. Faboritoa ere bera izango zen, baina inork ez zuen usteko garaipena horrelako aldearekin lortuko zuenik.
Bost lan ezberdin egin behar izan zituen bakoitzak. Hasteko, 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu lehiatu ziren. Bigarren lanean, berriz, tamaina bereko egurra erlojuz kontra zeinek azkarrago moztu aritu ziren. Hirugarrengoan, berriz, tamaina bereko enborra zutik jarrita erdibitu behar izan zuten. Laugarrengoan, 60 ontzakoa ebaki behar izan zuten, eta azkenik, hiru kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar izan zituen aizkolari bakoitzak.
Jon Rekondok aurreneko saioa bakarrik galdu zuen. Kolpekakoan Ander Erasun gailendu zen, egin beharrekoa 38an amaitu baitzuen. Baten aldea kendu zion Rekondori, eta zortzi kendu zizkion Felix Etxeberriari.
Bigarren lanean ekin zion Rekondok bere garaipeneko bideari. Erlojuz kontrakoan onena izan zen, lana minutu eta 2 segundoan burututa. Bost segundoko aldea atera zion Erasuni, baita Etxeberriari ere.
Hirugarrengoan Rekondok minutu eta 23 segundoan amaitu zuen lana. 1.52 izan zen Etxeberriaren denbora, eta azkena Erasun izan zen, eta bere denbora, berriz, 2.00 izan zen.
Laugarrengoan, Rekondok dena erabakita utzi zuen. Bere lana 2 minutu eta 39 segundoan amaitu zuen. 2 minutu eta 52 segundo behar izan zituen Erasunek, eta 3 minutu eta 20 segundo, berriz, Etxeberriak.
Iraupen proban, Rekondok aldea gehitu egin zuen. 11.42 izan zen bere denbora, 11.50 Etxeberriarena, eta 12.54 Erasunena. Lan guztiak burutzeko, 11 minutu eta 42 segundo behar izan zituen Jon Rekondok, eta beretzat izan zen finalerako txartela. Bigarren postuan Erasun sailkatu zen, eta 18.41 izan zen bere denbora, eta hirugarrena Felix Etxeberria izan zen, eta berak 18 minutu eta 55 segundo behar izan zituen. Azkeneko bi sailkatuek, ordea, ez dute saririk izan, eta txapelketatik kanpo geratu dira, nahiz eta Erasunek 23 urtez azpiko lehiaketan ere parte hartzen duen, eta han finalean sartzeko aukerak izango dituen Aurtizko gazteak.