Andoni ARABAOLAZA
Himalaia Ezohikoa izan da

Jing Wang txinatarraren Everesteko «gailurrak» itxi du denboraldia

41 urteko mendizaleak Nepalgo isurialdetik egin den igoera bakarra sinatu du. Hori bai, bigarren kanpalekutik hasita eta oxigeno artifiziala erabilita. Tibetetik, berriz, 13 urteko neskatila bat igo da.

Asko dira azken urteotan Everesten gertatzen ari denaren gaineko hausnarketa eskatzen dutenak. Eskatzea libre omen da, ze badirudi munduko mendiaren magaletan bizi den egoerak bere horretan jarraituko duela. Montzoi aurreko denboraldia amaitu da dagoeneko, eta, zalantzarik gabe, Everesten gertaturiko lan ezbeharrak denboraldi hori markatuko du.

Hori bai, «kirol» ikuspuntu batetik begiratzen badiogu, hau nabarmendu dezakegu: Nepalgo isurialdetik igoera bakarra izan da. Eta hori erdietsi duena Jing Wang txinatar aberatsa izan da. Alabaina, gailurreratze hori (horrela dei badaiteke) nolakoa izan den azalduko dizuegu, horrexegatik jarri baitugu kirol hitza komatxoen artean.

Hamasei langile xerpa hil ondoren, Katmanduko agintariek Sagarmatha (izen hori du nepaleraz) «itxi» egin zuten. Espedizio komertzial guztiek alde egin zuten, baina mendizale txinatarrak baimena lortu, eta helikoptero batek bigarren kanpalekuan utzi zuen. Hainbat berriemailek dioenez, helikoptero horrek 20 joan-etorri egin zituen, eta hegaldi bakoitza gutxienez 2.000 dolarrekoa izan da. Txinatarrarekin batera, mendian lan egin duten bost xerpa eta bi sukaldari zihoazen.

Bakarra izan da

Girora egokitu ondoren eta xerpek eginiko lanari esker, pasa den maiatzaren 23an, txinatarrak Everesteko tontorra zapaldu zuen. Jakina, oxigeno artifiziala erabili zuen. Eta galdera hau da: gailurreratze hori homologatu behar al da? Lortutako gailurtzat har genezake, kontuan hartzen badugu bigarren kanpalekutik hasi zela? Erantzuna argia da: ez. Baina, haatik, txinatarrak igoera hori balekotzat hartu du. Izan ere, «7 Gailurrak» izeneko xedean murgilduta dago, eta, iragarri du «gailur» hori egitea lortu ondoren, Alaskan dagoen Denalira abiatuko dela.

Asko dira, ordea, hau adierazi dutenak: Wangen gailurra `diruaren gailurra' izan dela. Eta hori baieztatzeko Everest igotzeko «utzi» duen dirutza aipatu dute. Aberatsa dela inork ez du ezkutatzen. «Forbes» aldizkariaren arabera, txinatarrak duen enpresak 700 milioi dolar balio du. Eta gehitu dute, ordainetan edo kontzientzia garbitzeko, Wangek poltsikoa hustu egin duela. Antza denez, Everestetik jaitsi bezain pronto, Namchetik pasa zen eta hango erietxerako 30.000 dolar eman zituen.

Ipar isurialdetik gehiago

Tibetetik igotzeko debekurik ez zegoenez, ipar isurialdean mugimendua izan da. Lortu diren igoera guzti-guztiak oxigeno artifizialarekin egin dira. Batzuk hori erabili gabe saiatu dira, besteak beste, Ralf Dujmovits.

Ezbaian jar daitekeen beste igoera bat Poorna Malavath indiarrarena da. 13 urte eta 11 hilabeterekin Txomolungma-ra (tibeteraz) igo da. Jordan Romero estatubatuarra (hilabete gutxiagorekin) igo zenean debate hori zabaldu zen. Hots, adingabeek zortzimilakoetan jardutea etikoa ote da? Gauza bat dago argi: ez direla nagusiak eta erabakia gurasoena dela.