Literaturak bertsotan, kantuan eta antzezten ere badakiela erakutsi du
Literatura letren multzoa baino askoz gehiago dela erakutsi du Literaturiak Zarautzen ere. Euskarazko literaturaren festak kostaldea ezagutu du seigarren edizio honetan eta, esperimentazioa lagun, literaturak antzezten, bertsotan eta kantuan ere badakiela erakutsi du.

Zarauzko Modelo antzokiko atea joz abiatu zuen Literaturiak bere laugarren eta azken eguna. Ilun goizeko hamaikak izateko, baina gogoz, euskarazko literaturaren jaialdia herrian aztarna uzten ari dela-eta. Liburu berrien aurkezpen solasaldiek ireki zuten goiza. Jose Angel Irigaraik gidatu zuen Juan Ramon Makusoren «Hitzak argi» laugarren poesia liburuaren aurkezpena; Xabier Queirugak aurkeztu zuen Iñigo Roquek itzulitako «Post-it bizitzak» interesgarria (Iolanda Zuñiga galegoak idatzia); bertan bildu zirenek Josetxo Azkona eta bere «Galdeak eta baleak» ezagutzeko aukera ere izan zuten; Tere Irastorzak bideratu zuen Unai Baztarrika poeta beasaindarraren «Ezinbestean» lehen obraren gaineko solasaldia; eta Asier Serranok Gotzon Barandiaran izan zuen lagun «Abisalia» lanaren aurkezpenean.
Bertso nobelatua
Aurkezpenak amaituta, Literaturiak malekoira salto egin eta Marina Txiki tabernan hartu zuen aterpe. Arranotik irten behar zuen triki-poteoarekin gorabehera batzuk izan zirela-eta, uste baino apur bat beranduago ekin zioten kokagune honetarako prestatua zuten saioari: bertso nobelatua. Yoseba Peña idazle «zarauztartuak» idatzitako «Hodeien adorea» (Susa, 2012) oinarritzat hartuta, Iñigo Mantzisidor Mantxi eta Felix Zubia aritu ziren bertsotan. Ekimenaren oinarria, honakoa: aipatu eleberriko zatiak hartu, horien araberako egoerak sortu eta nobelako protagonisten larruan sartuta bizi zutenaren gaineko bertsoak osatu behar zituzten bertsolariek. Peña bera izan zen ekimen «esperimentalaren» nondik norakoak azaldu eta bertsolariei gaiak ipini zizkiena.
Eleberriak orain 40 urte Asturiasetik Donostiara bizitzera etorri zen familia apal bat du oinarri. Aita, ama eta hiru semek osatzen dute sendia. Horietako batek, Jonek, bere anaia Txefek droga-saltzaile bat nola hiltzen duen ikusiko du, eta salatu ez salatu ibiliko da. Azkenean Txefe kartzelan sartuko dute. Hirugarren anaia Hodei da, autista. Hona Mantxik, Manoli amaren paperean sartua, egoera berriak familian sortutako trantzeari buruz egin zuen irakurketa: «Aita aspaldin isilik dago/ atxiloketa zan muga/ Hodei geldirik ez da egoten/ barruan hainbeste duda/ eta Jon ez det nik aguantatzen/ nahiz etorri ingurura/ ikusten dezu etxea ere/ ia kartzela bihurtu da».
Hasieran tabernan jendea tantaka sartu bazen ere, ordurako jendez lepo zegoen eta txalo zaparrada eskaini zioten bertsolariari; bai eserlekua hartua zutenek, baita, horien faltan, zoruan esertzea erabaki zutenek ere.
Eleberriko istorioan aurrera eginda, Hodeik Jon akabatu duela kontatu zuen Peñak. Horrek bide eman zien hamar urte aurrera eginda bi mamuek, droga-saltzailearena eta Jonenak, izan zezaketen elkarrizketa bertsotan jartzeko. Hona Mantxik, Jonen paperean, osatutakoa: «Ta orain gozatu det/ biloba ta parkez/ orain ohartu naizela/ konturatu zaitez/ trapitxero puta bat/ zinan zu izatez/ dana gaur joango zan/ zuzen eta artez/ drogak hil bazintuen/ anaiaren partez».
Literaturia literaturaren festa izaki, irakurzaletasuna sustatze aldera egin ziren amaierako agurrak ere eskertu zituzten zaleek. Hona Zubiarena: «Manoli eta bere sendia/ nahi genuen errebela/ trapitxero bat akatu eta/ aldatu zutena bela/ Hodein adorea hortxe zegon gordea/ eta hauxe gure nobela/ gomendatzen den denbora batez/ irakur dezazuela». Amaitzeko, Peñak eskerrak eman zizkien bertsolariei «nire harrikada honekin bat etortzeagatik» eta zaleei, gerturatzeagatik. «Esperimentua» ontzat emanda, hurrengo edizioetarako ere aintzat hartuko dutela aurreratu zuen Peñak.
Antzerkia eta errezitaldia
Arratsaldean berriro ere Modelo antzokiak hartu zuen protagonismoa. «Urak ttiki dire» antzezlanak Galder Perez eta Ane Zabala eraman zituen oholtzara eta, drama eta komedia uztartuz, Gaizka Sarasolak idatzitako testu gordin, poetiko eta aldi berean samurra antzeztu zuten.
Egunari amaiera Sortaldean eman zieten, poesia errezitaldi kolektiboarekin, eta horrekin amaitu zen Literaturiako seigarren edizioa, Larrabetzutik kanpo egiten den lehena.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
