Bergarako Udal Musika Banda: ohorea, atsegina eta zoramena
Ia 200 urte ditu, eta Euskal Herriko zaharrenetakoa da. Hasieratik egon da herritik hurbil.

Euskal Herrian udal musika banda ugari daude, baina oso gutxik dute atzean Bergarakoak bezain besteko historia luzea. Izan ere, ia 200 urterekin, Bergarakoa dugu euskal bandarik zaharrenetakoa. Hasiera-hasieratik herritik hurbil egoteak egin du hain bizitza luzekoa Alfredo Gonzalez Chirlaque egungo zuzendariaren ustetan.
Harreman hori, are estuagoa da herriko jaietan, gainera. «Ostiraleko kalejira ez dugu galtzen ezergatik, arratsaldeko zortzietan han egoten gara! Urteak daramatzagu 'Pobre y alegres' kalejira interpretatzen». Lehen gehiago bidaiatzen zuten arren, azken urteetan hamalau kontzertura mugatu zaie urteroko jarduna. Horietako bat -lehen bi ziren- Mendekosteetan. «Krisi ekonomikoaren eragina handia izan da, orain gutxiago mugitzen gara».
Baina, nola da posible, herri txiki bateko udal banda hain zaharra izatea? Bergarako Udal Musika Banda bigarren mendeurrena ospatzera bidean da, eta 20.000 biztanletik beherako herri batentzako meritu izugarria da hori. Gonzalez pozik da emaitza horrekin, bere hitzetan, hori baita bere jardunaren helburua: «Herrietan udal bandak indartu egin behar dira». Bergarako bandako kidea izatea ohorea da Alfredo Gonzalezentzako, baita atsegin handia ere aldi berean. «Hurbilekoa da banda, ia anai-arrebak garela esan daiteke. Zoramena ere bada guretzat bandako kide izatea, musikari guztiok baitugu zorotik zerbait!», dio barre artean bergararrak.
Instituzioa Bergaran
Bergarako Udal Musika Bandaren lehenbiziko aztarnak 1832koak dira, baina egungo bergararrek zuzenean familia batekin lotzen dute taldeko zuzendaritza: Gonzalez sendiarekin, hain zuzen ere. Alfredo da zuzendaria 1987az geroztik, baina bera zerrendako hirugarrena da jada. Berak, Migel aitaren testigua hartu zuen, eta honek bere aitaren eskutik jaso zuen lekukoa.
Gonzalez Bastida iazko azaroan hil zen, 93 urterekin. Bergarako musikari onenetakoa zen, eta, herriko banda zuzentzeaz gainera, orfeoiko zuzendaria izatera ere iritsi zen. Musikara emandako familia bateko anaien arteko gazteena zen Migel Bastida, eta 10 urterekin sartu zen bandan, familia ohituragatik. Hiru hamarkadaren ostean, zuzendari kargua hartu zuen 1941ean. 30 urte geroago, 1971n Bergarako Orfeoiaren zuzendaritza hartu zuen. Zaletasunez ez ezik, formakuntzaz ere musikaria zen Gonzalez Bastida. Horrela, flauta, piano, armonia eta konposizio ikasketak egindakoa zen. Bilboko Udal Musika Bandak kontzertu berezia eskaini zuen bere omenez 2012an.
Ia 30 urte bete dira Alfredo Gonzalezek aitaren eta aitonaren lekukoa hartu zuenetik, baina oraindik ere hasierako garaietan bezain gogotsu da. Halere, lehenbiziko garaian presioa igarri zuela aitortu du. «Igartzen nuen `gazte honek zer egingo du?' moduko bat nire inguruan», onartu du Gonzalezek. «Nire asmoa hurrengo zuzendariari ahalik eta udal banda indartsuena uztea zen». Alfredoren alaba Patrizia ere musikaria da, alta, aitak ez du uste bere lekukoa hartuko duenik bandan.
Hiru belaunaldi batera
Egun, Bergarako Udal Musika Bandak 76 musikari inguru ditu. Adin guztietako kideak daude, eta horrek bere abantailak eta desabantailak ditu zuzendariaren ustetan. 13 urteko neska-mutil koxkorrekin batera ikus daitezke jada erretiroa hartuta duten lagunak. «Oso aberasgarria da, hori dela eta, mantentzen saiatzen gara». Belaunaldi arteko nahasketa horretan, suertatu izan da familia bereko hiru belaunaldi batera aritzea bandan.
Esan bezala, Bergarako Udal Musika Banda herriaren parte sentitzen da. Hori dela eta, ez dute kale egin nahi izan Gure Esku Dagok antolaturiko ekimenarekin. «Herriari egokituriko kilometroetako bat urtero kontzertua eskaintzen dugun tokitik hurbil dago, eta, beraz, katea osatu bitartean giroa alaitzen egongo gara bertan», dio Gonzalezek. Horrez gainera, ohiko abesti zerrendari aldaketa batzuk ere egingo dizkio bandak. «'Euskal Herria Kantuz' izeneko obra bat sartu dugu; elkarte bati omenez sartu dugu, baina, ekimena egitekoa denez, bikain». Halere, klasikoak ere joko dituztela ziurtatu du zuzendariak, betiko pieza instrumentalekin batera. A.M.

López de Gereñu, primer muerto con Juan Carlos I

El sondeo de Lehendakaritza vuelve a dar la victoria al PNV en la CAV

Tras el fin de la guerra en Ucrania, ¿confrontación Europa-Rusia?

El TEDH falla que París conculcó los derechos de Ibon Fernández Iradi
