Andoni ARABAOLAZA
Alaska | Bi bide berri

Kanadarren aportazioa Huntingtoneko mendebal horman

Will Mayok eta Josh Whartonek bide tekniko zein zaila zabaldu berri dute Mt. Huntingtoneko mendebal isurialdean: «Scorched Granite» (M7, AI6). Eskalada hori biribildu ahal izateko, kanadar alpinistek 13.5 orduko jarduna behar izan zuten.

Aurreko astean aipatu genizuen udaberrian zehar Alaskako mendietan mugimendu handia eta ona izaten ari dela. Jardun batzuen berri eman genizuen, eta lerrootan beste bat dakarkizuegu. Izan ere, Will Mayo eta Josh Wharton kanadarrek bide berria «eskaini» diote Hungtinton mendiaren (3.731 m) mendebal aurpegiari. Marra berria teknikoa eta zaila da: «Scorched Granite» (M7, AI6).

Huntington mendia Denalitik nahikoa gertu dago, eta aitortu behar da bere mendebaldeko isurialdeak goi mailako alpinista asko erakarri dituela. Mistorako zein izotzerako oso erakargarria den pareta horretan hamalau bide eta aldaera egin dituzte; azkena Mayo eta Whartonena dugu.

Biak ala biak Coloradotik irten ziren; Mayoren hegazkin pribatu txikian abiatu ziren, hain zuzen ere. Tokositnako glaziarrean kanpalekua eratu ondoren, biharamunean martxan jarri ziren kanadarrak. Hormatzarraren erdi-erditik zabaldu nahi zuten. «Colton-Leach» bidearen lehen metroak eskalatu ondoren, proposamen berriaren giltzari ekin zioten. Mayo sokaburu zegoen, eta M7 zailtasuneko luze bat gainditu zuen.

Mistoko sekzio gogorrenak atzean utzi zituzten, eta bi alpinistok izotzezko tarte luze batean sartu ziren. Mayok aipatu duenez, izotzaren kalitatea bikaina baino bikainagoa zen. Baldintza horiek aprobetxatuz, kanadarrek luze asko ensamblen egin zituzten.

Bi protagonistek baieztatu dute luze gogorrak izan zirela, baina, era berean, asko gozatu zutela. Izotz sekzio horiek gaindituta, iluntze aldera, alpinistok ipar-mendebaldeko ertzera iritsi ziren. Ertz horretan ezohiko baldintza onak izan zituzten, eta berriro ere hainbat luze ensamblen egin ondoren, arratsaldeko 7:30ean gailurra jo zuten.

«West face couloir» izeneko marratik jaitsi ziren, ziztu bizian gainera; izan ere, gaueko 11:30ean kanpalekuan ziren. Guztira, 13 ordu eta erdiko jarduna izan zen.

Huntingtoneko mendebal aurpegian proposamen berri hori zabaldu ondoren, Mayok aitortu du eginiko eskalada nahiko «erraza» atera zaiela: «Era batera edo bestera, biok ala biok uste dugu mendiari iruzurra egin diogula. Eskaladan zehar izan ditugun baldintzak ezin hobeak izan ziren; bazirudien, Denaliren mendebaldeko aurpegiko hormatzarrean geundela. Azken hamarkada hauetan Huntingtongo goialdean dauden elur aldatsek munduko alpinista onenak blokeatu egin dituzte. Guk, berriz, lasai asko gainditu genituen. Oso gustura gaude eginiko eskaladarekin, batez ere etxetik irten eta bi egunera bide berri bat zabaltzeko gai izan garelako».

«Idiot Peak»

Bitartean, Huntington ondoan dagoen «Idiot Peak» izeneko mendian Scott Adamson, Aaron Child eta Andy Knight estatubatuarrek «Down the Rabbit Hole» bidea (VI, MI5+, M6, 80° ) zabaldu zuten.

Hain zuzen ere, hirukoteak mendiaren mendebal aurpegian jardun du, eta adierazi marraren giltza mistoko M6 izan dela.