Andoni Tolosa «Morau»
Musikaria

Ibonen misterioa

Bai, Ibon leku guztietan dago. Gustuko ditudan, edo izango ditudan, egitasmo musikal guztietan, bederen. Edo bere gorputza biderkatzeko gaitasun bitxia du, edo itauna sinatu du jaungoikoren batekin, haren botereak eskuratu ahal izateko. Nolanahi ere, hantxe dago Ibon, argazkian txokoren batean. Nor ote da «...ren» ondoan dagoen tipo antiojodun hori? Galdetzen du jendeak.

Ibon da, ez eduki zalantzarik, hantxe dago, eta inork gutxik irudikatuko du haren herabeti itxuraren atzean dagoen musikari puska: ipurterrea, mokofina, gustu handikoa, jakintsua... horiek izan daitezke ezkerraldeko Zelig honi esleitu diezazkiokegun abizenetako batzuk. Baina, zaila da hori jakiten argazki soil bateko irribarrearekin.

Taula gainean ikusita, berriz, bere tresnaren gainean; dela pianoa, dela gitarra, dela mikrofonoa, makurtutako musikari langilea ikusiko duzu. Itzalean egotea gustuko duena. Ezkutuan baina oso agerian, begiak itxita ere, belarriekin jakingo duzu-eta Ibon han dagoela, nahiz eta batzuetan oso sotila izan haren presentzia. Lurrina bezala, nabaritzen duzu, baina ez du beste ezer itotzen haren presentziak. Baina kontuz, ustekabean, musikariak ekaitza esnatzen du, eta haren pentzuan datozen zurrunbilo guztiak eta, orduan, tornado baten erdian, haizeak 20 metro lurretik altxata, pianoa jotzen jarraitzen duen piztia bilakatuko da, tximistak zuzentzen, keinu ziurrez.

Bai, hori guztia egin dezake argazkiko tipo sinple horrek. Ez utzi engainatzen, edo konturatu zarenerako haren beso musikalen batek harrapatuko zaitu ustekabean. Niri horrela gertatu zitzaidan eta begira nola bukatu dudan! Eta guztia borobiltzeko, gainera, Billy Braggen bertsio bikainak egiten ditu, nola? Ez galdetu niri.