Maider IANTZI
Zientzia@gara.net

Ikasleak kalean, beren asmakizunak konpartitzen

Elhuyarreko kideek nabarmentzen duten bezala, lehiaketa ugari dago, baina berriki Bilboko Plaza Barrian egin duten Zientzia Azokak badu desberdintasun bat: gazteek parte hartzea eta kalean izatea; jendearekin harremana izatea sustatzen du. Politena ikasleak lanak esplikatzen aditzea da.

Loiuko Lauro ikastolan izan gara lehenik, beterano bat txapelketa honetan. Elkarrizketatuko dugun ikaslea ere hala da, 18 urte bakarrik izan arren. Gaizka Olabarria kidearekin batera, Beñat Isunza garaile izan zen DBH3-n zegoenean, 4.ean ere bikote honen lana aukeratu zuen epaimahaiak, iaz bertze talde bati «utzi» zioten irabazten (Laurokoa hau ere) eta aurten, 2. Batxilergoan, berriro eskuratu dute lehen saria. «Gauza bat dauka zientziak -aitortu du irakasle duten Josune Anasagastik-. Egiten hasten zarenean eta ikusten duzunean, engantxatu egiten du. Eta hauek engantxatuta daude». Zur eta lur gelditu gara ikasle pareak egindako 3D inprimagailua Athleticeko armarria kapaz kapa eraikitzen ikustean. Hala gelditu omen ziren Bilboko Plaza Barrian, maiatzaren 24 goizean egin zen Zientzia Azokan, beren stand-a bisitatu zuten herritarrak ere.

Guztira 150 gazte bildu ziren arkupeetan, adin eta ikastetxe desberdinetakoak: Loiuko Lauroz gain, Barakaldoko Cruces-Gurutzeta, Sestaoko Amor Misericordioso, Donostiako Axular Lizeoa eta La Anunciata, Elorrio BHI, Eskoriatzako Arizmendi, Bilboko Begoñazpi, Durangoko Ibaizabal, Zornotzako Karmengo Ama eta Lauaxeta, Iruñeko Iturrama BHI eta Tolosako Hirukide.

Azken ikastetxe hau ere bisitatu dugu. Jabi Luengo irakasleari lagundu diogu Teknologia klasera, eta bertako DBH4ko hamahiru ikasleek beren proiektuak erakutsi dizkigute: epaimahaiaren aipamena jaso duen «Izar Galaktikoak» zunda estratosferikoa, baimena lortu bezain laster airera jaurti nahi dutena; orain Lehen Hezkuntzako ikasleak gozatzen ari diren txita inkubagailu bat; eta azken ukituak ematen ari zaizkion kubo joko bat, Uzturre asistentzia guneko egoiliarrak esku artean izateko irrikatzen daudena. Luengo eta Elhuyarreko Lorea Arakistain solasean ari dira, ikasleak elkar zirikatzen eta brometan dabiltzan bitartean. Ordu pila ematen dute eserita eta Teknologia klasea ongi etortzen zaie dinamikoagoa delako. Egiten dutena zerbaitetarako dela ikustea eta proiektuak jendaurrean aurkeztea garrantzitsua dela komentatzen dute Luengok eta Arakistainek, gazteen autoestimurako ere lagungarria, bereziki adin honetan, 15 urte ingururekin. Lehendabiziko urtea du Hirukidek Zientzia Azokan eta gustura daude esperientziarekin, bai irakaslea, baita ikasleak ere.

Lotailu gurutzatuak futbolean

Loiu herritik gora, aireporturako bidean dago Lauro ikastola, Lauroeta inguruan. Ikastola handia da eta hartzen dituen ikasle gehienak bilbotarrak dira. Azkeneko eraikina da batxilergoarena eta bidean, eguzkitan eserita, daude gazte taldeak. Selektibitatea baino egun guti lehenago egin dugu bisita eta nahi duten orduetan joaten dira ikastolara. Isiltasuna nagusitu da eraikin ederrean klaseen hasiera iragartzen duen musika itzaltzean.

Beñat Isunza kontatzen hasi zaigu Gaizka Olabarriari eta biei izugarri gustatzen zaiela futbola eta zaletasun horrek bultzatuta hasi zirela ikertzen lotailu gurutzatuaren lesioaren inguruan. Lotailu gurutzatuak belaunean ditugun bi lotailu dira, kirolean sarri apurtzen direnak. Arazoari konponbidea emateko, mikrotxip bat sortu eta kanpoko bastoa izena duen muskuluan jartzea pentsatu zuten. Tentsio handiegia dagoenean puskatzen dira lotailuak, orduan, mikrotxipak hori detektatzean deskarga bat ematen du, muskulua uzkurtu egiten da eta ez dira lotailuak apurtzen.

Horman zintzilikatutako kartulinetara mugitu da 18 urteko gaztea, bertan azalduta baitago txiparen funtzionamendua, eta hurrengo urratsa azaldu du: prototipo bat sortzea. Teknologia berriak baliatu zituzten, 3D inprimagailu bat eta arduino plaka bat; lehena hezurren maketa egiteko, eta bigarrena, mikrotxiparen sistemarako. «Halako inprimagailuak saltzen dituen Bilboko lagun batengana jo genuen. Ikea-n bezala da, piezaka saltzen dizute eta muntatu egiten duzu. Interneten milaka tutorial daude». Gero, hezurren diseinuak bilatzeari ekin zioten. «Hasieran ez genuen ezer aurkitzen eta azkenean kasualitatez topatu genuen Interneten. Moldatu egin genuen inprimagailurako, gure benetako hezurrak handiagoak direlako eta ez direlako sartzen. Orduan, txikitu eta apur bat loditu genituen hobeto ikusteko, eta inprimatu egin genituen».

Plastikoa, Lego piezekin erabiltzen den bera, bultzatu, berotu, urtu eta apurka kapaka jartzen joaten da inprimagailua.

Oraindik elektronikaren zatia falta zen. «Ideia gure ahalmenetara moldatu eta erabaki genuen belaunaren biraketaren arabera jakitea tentsioarekin lotailuak apurtzen diren ala ez. Biraketa neurtzeko hezur batean potentziometro bat jarri genuen eta bestean haga bat. Bertako informazioa arduino plaka batera doa. Arduinoa hardware eta software librea da».

Potentziometroa arduinoari lotu eta baloreak jarri zizkioten. «Esate baterako: 45 gradu baino gehiago biratzen dugunean eskuinera edo ezkerrera, argia piztu dadila. Gure benetako prototipoan, deskarga bat emango luke, baina guk hemen ezin dugu deskarga bat simulatu».

Bilbon egindako Zientzia Azokan, Olabarriak eta Isunzak jendeari lesioaz galdetu eta ikusi zuten aunitzek ezagutzen zutela. Pare bat kirolari etorri zitzaizkien eta batek sufritua zuen haustura hau. 3D inprimagailuari dagokionez, pixkanaka-pixkanaka hedatzen ari da. «Orain arte enpresa oso handientzat izan da, oso garestia. Baina gero eta ezagunagoa da pila bat merkatu delako».

Zientzia Azokako lehenbiziko saria irabazi du bikote honen proiektuak: Bartzelonako Exporecerca zientzia azokan lana aurkeztea datorren apirilean. Gazteak pozarren daude.

Lana egiteko profesionalen laguntza izan dute bi mutilek. Alde batetik, Zientzia Azokak Biologiako eta SHEEko (IVEF gaztelaniaz) maisu bat aurkeztu zien bere iritzia emateko, eta horretaz gain, lesioaren ideia Josean Lekue Athleticeko medikuari eta Nerea Diez Lauro ikastolako heziketa fisikoko irakasle eta Athleticeko nesken berregokitzaileari azaldu zieten. Inprimagailua egiteko, azkenik, Bilbao Makers elkartearen laguntza izan zuten. Gauza aunitz ikasi dute hauekin, bereziki ezagutzak partekatzen. «Zerbait lortzen duzunean ez da zuretzat, besteei ere zabaldu behar zaie. Jakituriak banatu egin behar dira. Zuk gauza bat egiten duzu, beste batek beste zerbait eta apurka-apurka gauzak aurrera joaten dira». Helburu horrekin, blog bat sortu dute: lotailugurutzatua.blogspot.com. Gainera, ikasle txikiei eskolaz kanpoko klaseak ematen dizkiete arduinoen inguruan.

Beñati azalpenak emateko irrika sumatzen zaio: «Galdera gehiago badauzkazue...», diosku guri behin eta berriro.

Beldurra, baina egiteko gogoa

Loiutik Tolosara joan gara, Lauro ikastolatik Hirukide ikastetxera. Azken honetako ikasleak gazteagoak dira, DBH4koak. Hiru taldetan banatuta, Jabi Luengo irakaslearen gidaritzapean landu dituzte proiektuak Teknologia eskolan, eta Laurokoaren antzera, hauek ere gustura esplikatzen dute egin dutena. Ahalegin handia egin dute eta harro daude.

Iñigo, Joseba, Josu eta Jorgek osatutako taldeak zunda-globo bat sortu du. «Beste urteetan ere egin izan dugu, baina aurtengoa konplexuagoa da eta aurrera ateratzen ari gara», dio batek. «Estratosferara bidali nahi dugu eta hango datuak jaso», segitu du bertze lagun batek. Eta gero hirugarrenak: «Kaxa honek GPSa eta irrati bat ditu barruan, arduino plaketara konektatuta. GPSa erabiliko dugu non dabilen jakiteko, eta irratia, globoak egiten duen ibilbide osoa ordenagailuan ikusteko, Google Maps-en bezala. Arduinoak bateria asko hartzen duenez, gure ideia da GPSaren ondoan eguzki plaka batzuk jartzea eta bateria bat gastatzen ari denean bestea kargatzen egotea». Hau ongi ateratzen bada, Donostian antzeko ideia bat gauzatu nahi dute uretan, buia adimentsu batekin, itsasaldien berri izateko.

Hasieratik egin nahi zuten proiektu hau hagitz interesgarria iruditzen zitzaielako eta erronka gisa hartu zutelako. «Beldurra ematen zigun, baina egiteko gogoa ere bai».

Estratosferako puntu batera bidaliko dute globoa, aire korronte batzuk dauden lekura. Kalifornian antzeko esperimentua egin zutenean, Marokoraino iritsi zen globoa. Bidaia hagitz luzea egin dezake. «Gure ideia da estratosferako korronteetan asko irautea eta hor goian dagoenari buruz gehiago jakitea. Lehenago, globo horretan zenbat helio sartu behar dugun jakin behar dugu». Beste arazo bat daukate, ez dutelako globoa nahi den lekuan botatzen uzten. Iaz, Euskalmetekin batera jaurti zuten. «Ea guk nola botatzen dugun... Baimenak eskatu behar dira».

Latexezko globoak eguzki izpiekin pitzatu egiten dira. Hortaz, gehiago iraun dezakeen globo berezi bat lortzen saiatuko dira.

Azkenean, proiektu honek arazo ugari ditu: «Noraino igo ere pentsatu behar dugu eguzki izpiek indartsuegi ez jotzeko. Gure helburua da gora igotzea, egun batzuk ematea bertan, eta gero bere bidaia ikustea. Ondo ateratzen baldin bada, poz handia hartuko dugu». «Hau da gure asmoa eta lortzea espero dugu», dio batek. «Bai, lortuko dugu», baieztatu du lagunak.

«Oso-oso esperientzia ona» izan zen Bilboko Zientzia Azokakoa. «Oso ondo pasatu genuen. Lagun guztiak ondoan geunden, jendea etortzen zen, esplikatzen genien... Jende zaharra, gazteagoa, ume txikiak, gurasoak, adin guztietakoak etorri ziren galdezka». Sari bat ere lortu genuen: IK4 edo Tecnaliako zentro batean egun-pasa. Oraindik ez dute erabaki, baina gogoz daude joateko.

Inkubagailua eta jolasteko kuboa

Julen, Haritz, Yeimi, Martin eta Ikerren taldeak inkubagailua eraiki du. «Lehenengo programa egin genuen arduinoekin eta gero inkubagailuaren egitura egurrarekin. Interneten ere ibili ginen besteek nola egin duten begira trukoak hartzeko. Orain, ikastetxeko txikiak ari dira inkubagailua erabiltzen. Txitak ari dira jaiotzen. Polita da ikustea nola ari diren umeak disfrutatzen».

Peio, Yulen, Unai eta Davidek, azkenik, kubo bat asmatu dute, aiton-amonek horrekin jolasteko. Alde bakoitzean led argiak daude kolore desberdinekin eta gorria aurkitu behar dute beti. Gorria goian jartzean soinua egiten du kuboak. Mugimendua erabiliz koloreak nahastu eta berriro aurkitu behar dituzte.

«Gure proiektuaren helburuak dira adineko jendeak entzumena, ikusmena, garuna eta mugimendua lantzea. Lehenengo egurrezko kubo bat egin genuen, baina gogorregia zen aiton-amonentzat. Orduan, kartoizko bat egin dugu eta ondoren 3D inprimagailu batekin egingo dugu beste bat. Bukatutakoan, eurei emango diegu zentroan egiten duten bizitza pixka bat hobetzeko». Hara joan ziren, proiektua esplikatu zieten eta asko gustatu zitzaien. Lana bukatutakoan, bisita bat egin eta beraiekin jolastuko dira.