Andoni ARABAOLAZA
Entrevista
Irati ANDA
Eskalatzailea

«Agian, sasoiz ez nengoen goi-goian, baina burua sendo izan dut»

Gasteiztarra pozarren da amaitu berri den Espainiako Eskalada Kopa irabazi duelako. Nolabaiteko sari bikoitza izan da; izan ere, azken urteotan izan dituen gorabeherak leuntzeko balio izan dio. Hiru probetatik bi irabazi ditu eta bigarren postu bat sinatu du. Erregularrena izan da.

Irati Andak Espainiako Kopan izan diren hiru probetatik bi garaipen eta bigarren postu bat sinatu ditu. Erregulartasun hori dela medio, Fedme-ren lehia nagusi hori beretzat eraman du. Gasteiztarra, beraz, garaipenaren bidean sartu da berriro.

Azken urteotako gorabeheren ondoren (lesioak, auto istripua ...), Euskal Herritik kanpo garaipen garrantzitsu bat erdietsi berri duzu: Espainiako Kopa. Hori guztia kontuan hartuta, zer-nolako balorazioa egiten duzu?

Bada, zuk esan duzun bezala, azken urteotan izandako gorabeherei erreparatzen badiegu, zalantzarik gabe garaipen hori oso positiboa da. Urterik urte eskumuturra hobetzen joan da, sasoi ona hartu dut ... Gainera, nire bizitzan aldaketak izan dira; egun, entrenamendua, ikasketak, eskalada ... uztartzen ditut. Eta kosta egin zait hori guztia ulertzea. Lehen obsesio hutsa zen eskalada; denbora guztia entrenatzen eta eskalatzen pasatzen nuen. Orain, bizimodu normala lehiarekin uztartzea lortu dut. Eta hori niretzat bada garaipen bat.

Hausnarketa hori entzunda, badirudi Espainiako Kopa poltsikoan sartuta arantza bat gainetik kendu duzula, ezta?

Neurri batean hala izan da. Lesioengatik lehia era `itsusian' utzi nuen. Egia da arantza txiki bat banuela, ze oraindik lehiak asko erakartzen nau. Orain, adibidez, lehia utziko banu nik hartutako erabaki batengatik izango litzateke, eta ez, adibidez, duela urte batzuk bezala lesio batengatik.

Esan daiteke Espainiako Kopa helburu zenuela eta entrenamenduak horretara bideratu dituzula?

Ez neukan helburu nagusi bezala. Egun, master bat ikasten ari naiz, eskalatzaileak entrenatzen ditut ... Eta dudan denbora dut. Alabaina, bala bat gordeta nuen, eta, jakina, lehia hori irabazten saiatu naiz. Helburua zen, baina ez nagusia. Eta, jakina, kopa hori irabazteko entrenatu naiz. Eta ez da batere txarto atera! Bide batez aipatu nahiko nuke nik lehien munduan dudan eskarmentuak asko lagundu didala. Agian, sasoiez ez nengoen goi-goian, baina burua sendo nuen eta hori giltza izan da.

Nola ikusi duzu zeure burua erregulartasunaren zirkuitu horretan?

Lehen proban zer gertatzen zen ikustera joan nintzen. Bigarrenean, berriz, oso animatuta eskalatu nuen. Eta hirugarrenean ez nuen gustura jardun. Nahiz eta bideetan oso goian erori naizen, orokorrean ez dut neure burua hain indartsu ikusi. Baina oso borrokalaria naiz.

Alabaina, nesken lehien osasuna ez da batere ona. Arrokara animatzen dira, baina lehietara ez. Nahiz eta gutxi izan, garaipena lortzeko lehiatu egin behar da, eta nik hori egin dut.

Euskal selekzioaren izenean hiru ordezkari lehiatu zarete: Ane Mujika, Zuriñe Arrue eta zu zeu. Nola ikusi dituzu zure taldekideak?

Zuriñek oso motibatuta eta alai jardun du. Urduri jartzen da, baina hobetzen ari da. Pila bat poztu nau biok ala biok podiumean elkarrekin egoteak. Ane ere ondo ibili da. Aipatu behar dut ere seniorren taldean oso ondo konpondu garela; mutilekin ere giro bikaina izan dugu. Denak oso gustura egon gara, eta uste dut horrek asko laguntzen duela.

Espainiako Kopa irabazteak irailean Gijonen jokatuko den Munduko Txapelketan lehiatzeko aukera eman dizu. Munduko Txapelketa zein Kopa ondo baino hobeto ezagutzen dituzu. Ze aurreikuspen dituzu?

Helburu hori nire bizitzaren momentu honetara egokituko dut. Erronka pertsonala da, eta ez dut emaitzetan gehiegi pentsatzen. 2007. urtean lortutako emaitzak hobetzera ez noa, baina, jakina, dena ematera joango naiz. Aukera hau aprobetxatu nahi dut, eta ez dut sufritu nahi. Motibatuta eta gogotsu nago, eta gogor entrenatuko naiz. Baina, esan dudan bezala, oinak lurrean ditut.

Bestalde, Munduko Koparen pare bat hitzordutan izango naiz, baina ez helburu bezala, baizik eta ze maila dagoen ikusteko. Ikusiko dugu zer gertatzen den.