Andoni ARABAOLAZA
ESKALADA | Espainiako Kopa amaitu da

Euskal lehiakideak sendo erregulartasunaren zirkuituan

Hilaren 7 eta 8an Espainiako Eskalada Koparen azken proba jokatu zen. Euskal ordezkariek bi garaipen lortu zituzten: Mikel Linazisorok 16 urtez azpikoen mailan eta Zuriñe Arruek seniorretan. Sailkapen orokorrean: Linazisoro eta Irati Anda nagusitu dira.

Espainiako Eskalada Kopa amaitu da dagoeneko. Azken proba, Lleidakoa, hilaren 7 eta 8an jokatu zen, eta EMFren euskal selekzioari dagokionez aipatu behar da emaitza bikainak erdietsi dituela. Izenburu nagusia honakoa litzateke: Irati Anda seniorretan eta Mikel Linazisoro 16 urtez azpikoetan nagusitu dira Fedme-ren zirkuitu horretan. Alabaina, azken hitzordu horri dagokionez, azpimarratzekoak dira Zuriñe Arruek seniorretan lortutako garaipena eta Eneko Carreterok 16 urtez azpikoen mailan poltsikoratutako bigarren postua ere.

Ohi den legez, lehen lehia egunean seniorrek jardun zuten. Eta esan dugun bezala, Arrueren arrakastari tartea egin behar diogu; izan ere, Espainiako Kopan erdietsi duen lehen garaipena izan da. Finalerdietako bidean (11 neska lehiatu ziren) Andak eta Arruek top egin zuten; ez ordea, Ane Mujikak, baina finalera pasa zen. Finaleko bidea, berriz, erraza izan zen eta bost lehiakide katera heldu ziren. Azkarrena Arrue izan zenez, hirugarren eta azken proba lortu zituen. Bigarrena Anda izan zen, eta Mujika zortzigarrena.

Puntu guztiak batu ondoren, sailkapen orokorrean Anda izan da irabazlea, Arruek bigarren postua sinatu du eta Mujikak zortzigarrena.

Mutiletan, bestalde, 15 lehiakidek hartu zuten parte. Eta Ramon Julianek irabazi zuen berriro. Hirutik hiru. Baina azken proba horretan justu gailendu zen; izan ere, finaleko bidean oin batek irrist egin zion, baina ez zen erori. Euskal ordezkariei dagokienez, Gorka Karapeto bosgarrena izan zen, eta Iñaki Arantzamendi, zazpigarrena. Sailkapen orokorrean, berriz, bi euskal ordezkari hauek laugarren postuan berdinduta geratu dira.

Beste garaipen bat

Seniorren ostean, biharamunean, jubenilen maila ezberdinetako lehiakideen txanda izan zen. Nagusien parte-hartzea oso eskasa izan zen; gazteenen artean dagoen motibazioa askoz handiagoa da, ordea; izan ere, 70etik gora lehiakidek hartu zuten parte.

Hamasei urtez azpikoen mailan, beste behin, Mikel Linazisoro gailendu zen. Zirkuitu osoan zehar nagusitasun osoa erakutsi du; bergararrak ere hirutik hiru eskuratu ditu. Azken proban, gainera, bakarra izan zen bi bideak kateatzen. Horrela bada, zirkuituan onena izan denez, Linazisorok Espainiako Kopan beste garaikur bat altxatu du. Gogora dezagun astebete lehenago Imsten (Austria) jokatutako Europako Koparen proban, jubenil B mailan, laugarren postua eskuratu zuela. Txalotzeko modukoa da Eneko Carreterok Lleidako hitzorduan sinatu zuen bigarren postua ere. Sailkapen orokorrean laugarrena izan da. Andoni Espartak seigarren lekua lortu du eta Aitor Cilveti (nafar federazioa) bederatzigarrena.

Nesken mailan, Muriel Ruiz de Larramendi (nafar federazioa) Lleidan hirugarrena izan zen. Orokorrean bosgarren sailkatu da, Marta Camara bederatzigarren eta Iris Ruiz de Larramendi (nafar federazioa) hamargarren.

18 urtez azpikoetan, Bittor Espartak laugarren postua lortu zuen, eta Gorka Ruizek zazpigarrena. Esparta laugarrena izan da Espainiako Kopan eta Ruiz, bosgarrena. Nesketan, Andrea de Goñi (nafar federazioa) sailkapen nagusian zazpigarrena izan da, eta Irati Musito, hamargarrena.

Eta 20 urtez azpikoetan, azken proban, Mikel Inoriza laugarren postuan sailkatu zen, eta Mikel Madinabeitia, bosgarrenean. Miriam Mulas hirugarrena izan zen. Sailkapen orokorrean: Mulas hirugarren, Inoriza laugarren, Madinabeitia bosgarren eta Julen Berrueko zortzigarren.