Erreka harriak erabaki zuen auzia
Joseba Ostolatzak jasoaldi baten aldea atera zion Jokin Eizmendiri, eta amaieran horixe izan zen txapelketa erabaki zuena.

Ez zen ezusterik izan eta Joseba Ostolatzak irabazi zuen herenegun Adunan jokatu zen Gorostidi Harria Txapelketa. Dena dela, zestoarrak ez zuen soberan ezer izan, Eizmendiri 139 kiloko aldea baino ez baitzion atera; harri traketsarekin lortu zuen abantaila izan zen hori.
Jende asko gerturatu zen saioa ikustera, eta guztira zazpi kirolari lehiatu ziren. Bakoitzak 139 kiloko erreka harria eta 113ko bola erabili behar izan zituen, eta bakoitzarekin hiru minutuko txanda izan zuten. Gainera, antzinako erara jaso behar izan zituzten, harriak eta eskuak garbi zituztela.
Gakoa harri baldarra izan zen, hor erabaki baitzuen txapela Joseba Ostolatzak. Gipuzkoarrak 9 jasoaldi eman zizkion, eta bat gutxiagorekin geratu zen Jokin Eizmendi. Bolarekin, berriz, bi kirolariak berdinduta geratu ziren, bakoitzak 13 jasoaldi eman baitzizkion, eta azkenean Ostolatzak eraman zuen txapela.
Hirugarren postuan Ugartemendiak amaitu zuen, eta berari gertatu zitzaiona ere bitxia izan zen. Harri traketsarekin nagusi izan zen, 10 aldiz berdindu baitzuen bizkar gainean. Behin hori lortuta, txapela lortzeko ere aukera asko izan zitezkeela ikusten zen, baina bolarekin huts egin zuen. Honekin lehen jasoaldia ematerakoan irrist egin, eta harria bota behar izan zuen. Bigarrengoan, berriz, atzetik ihes egin zion, eta hori ere ustela izan zen. Sustoa ere galanta, bai berarentzat, baita ikusten zeuden guztientzat ere, istripua izateko zorian izan zelako. Zorionez, ez zen ezer gertatu, eta amaieran zortzi jasoaldi on eman zizkion eta hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen.
Telleriaren kasua
Laugarren posturako emozioa ikaragarria izan zen, berdinduta geratu baitziren Urrutia eta Urpe. Azkenengo honek goizean Bizkaiko Txapelketan ere parte hartu zuen, eta horren ordaina ere jaso zuen. Berdinketen kasuan arautegiak garbi uzten du kirolaririk arinenak amaitzen duela aurretik, gutxien pisatzen duenak, alegia, eta hor gailendu zen Urrutia. Bakoitzak lau jasoaldi eman zizkion harri traketsari, eta bederatzi bolari.
Seigarren postuan bukatu zuen Maiza gazteak. Bera lehen aldiz plazaratu zen, bai behintzat ofizialki. Oraindik ere ikasteko asko dauka, baina itxura polita eman zuen. Bere lehen helburua azkena ez geratzea izango zen, eta hori bete zuen behinik behin. Erreka harriarekin moldatu zen okerren eta bi jasoaldi besterik ezin izan zizkion eman, baina bolari zazpi eman zizkion, eta seigarren bukatu zuen.
Telleria II.ak itxi zuen sailkapena, baina urnietarrak ere gauza bitxiak pasatu behar izan zituen. Harri traketsarekin itxuroso moldatu zen, eta bost aldiz lortu zuen bizkarreratzea. Sailkapeneko aurreneko hirurek bakarrik lortu zuten berak baino jasoaldi gehiago egitea; beraz, inork gutxik uste zuen berak amaituko zuela sailkapeneko azkeneko postuan, baina horrelaxe izan zen.
Bolarekin izan zituen arazoak. Harriak irrist egiten zion, eta lehenengo lau jasoaldiak, bat bestearen atzetik, ustel egin zituen. Orduan elastikoa kentzea erabaki zuen, eta ondoren hiru aldiz jaso zuen bola. Jendeak bere ahalegina txaloka eskertu nahi izan zion urnietarrari.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
