Lander Garro
Idazlea
AZKEN PUNTUA

Gu, artistok

Artista izatea gauza handia da, handik eta hemendik datozkizun eskaintza eta eskariei erreparatuta. Izan liteke ekitaldi ofizial bat, edo aldarrikapen ekitaldi bat, beti izango da «ospetsuen» leinuko jendea, elkarri diosala eginez, han egoteagatik harro eta harri eginda. Idazle, sukaldari, pilotari, denak zaku estu berean, okasiorako trapu ederrenak jantzita. Ez da gaurko kontua ekitaldi handietara han eta hemen nabarmentzen direnak gonbidatzea, eta geurea, geure herri zikiratu hau alegia, ez da horretan ezberdina. Edo ez du izan nahi. Horregatik deitzen gaituzte. Logika hauxe izan liteke: geure herriak aktore, idazle, kirolari eta sukaldari ospetsuak badauzka, «beste» herrien tankerako herria delako izango da. Geure herriaren existentziaren zamaren zati bat, beraz, geuri dagokigu jasatea: «Gu (artistok) garelako gara guztiok (herria)».

Lehengoan neure azken nobela aurkeztea tokatu zitzaidan, hiru urteko lanaren emaitza. Kalkulu txiki bat egitea bururatu zitzaidan duela ez asko, eta guztira gutxi gorabehera orduko 10 bat xentimo irabaziko ditudala atera zitzaidan (ez da txantxa). Salmentekin aterako ditudan lau txakurrak hiru urteko egunek osatzen duten zenbakiarekin zatitu nituen: 10 xentimo. Ez da hanpa-hanpa eginda ibiltzeko mozkina, ez horixe, baina tira, apaltasun dosi handi batez onartu beharreko kontua da. Aurkezpenerako autoa Donostiako aparkalekuan utzi nuen, eta jasotzera joandakoan, 24 euroko errezeta aurkitu nuen. Beste kalkulu txiki bat eginda, aparkalekua ordaintzeko 240 orduko (zazpi aste, hortxe-hortxe) lana egin beharko nuela ebatzi nuen: liburua aurkezteko ekitaldirako aparkalekua liburua idazteko erabilitako zazpi asteren (lanaren) baliokidea da, geure «premia» daukan geure gizarte honetan. Hala da. Ordaintzeko kartera ireki nuen: irri egiten zuela iruditu zitzaidan.