Lehengo lepotik...
Aitaren lepotik du burua Felipe Borboikoak. Fisikoan antz ikaragarria, boz eta ahoskera kasik igualak, eta edukiz hutsal diren hitzekin jositako esaldi ustez biribilak aireratzerakoan darabilten tonu solemnea, ia berbera. Izatez, zaharraren ahots-kordak sasoian baleude eta geuk begiak itxita izan bagenitu, telebistaren aurrean atzo paratutako subditook nahikoa lan izango genukeen koroatu berriaren diskurtsoa batena edo bestearena zen desberdintzen. Azken batean, 25 minutuko hitzaldi horretan zer zegoen, bada, berririk? Erretiratuak, duela 39 urte, Mugimenduaren printzipioak defenditzea hitzeman zuela eta semeak, aldiz, Konstituzioarenak? Forma kontuak.
Goazen edukira. «Batutako eta askotariko Espainia horretan, espainolen berdintasunean, bere herrien arteko elkartasunean eta legearekiko errespetuan oinarritutako Espainia horretan, guztiok kabitzen gara». Ez dut uste oker nabilenik esaten badut hori izan zela Feliperen estreinakoaren pasarte nabarmenena. Eta aztertzen hasita, ez dauka ezer apartekorik; gezur handi samarrak, izatekotan.
«Espainia» ez dago batua, ez behintzat askatasunetik batua. Erabaki hori herritarren nahiari baitagokio, galdetzearen, entzutearen eta errespetatzearen ariketa demokratikoari, eta horri beste ezeri baino beldur handiagoa diote aita-semeek eta hauei koroa jantzi dietenek, lehengoek zein oraingoek. Aniztasunaren defentsak ere ez du zerikusirik ezberdinari errespeturik ez edukitzearekin, eta «espainolen berdintasunean» segundo alerik ez galtzea hobe, gutxi batzuk gero eta aberatsago direnean eta gero eta gehiagok jateko ere lanak dituztenean. «Herrien arteko elkartasuna» ponpoxo geratzen da paperean izkiriatuta, baina hortxe geratzen da, paperean. Legearen inperioa aldarrikatzeak irria eragiten du molotov koktela jaurtitzeak zigor-kontsiderazio ezberdina duenean segun Ebrotik gora edo behera egiten den, edota billeteen tintarekin eskurik zikintzen ez duen lapurrak kartzela nekez zapaltzen duenean eta arrautza dozena pagatu gabe eramaten duenak, aldiz, bizpahiru itzalean egiten dituenean.
«Guztiok kabitzen» garela esan digu erregetuak. Noiz eta batzuei sarrera debekatzen zaienean; noiz eta irtengo liratekeenei atea indarrez itxi eta ziegan lekua egiten dietenean.

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda
