GARA

Ana Ines Gomez Castro arabar astrofisikariak jaso du Heraclio Alfaro saria

Arabako Foru Aldundiak Ana Ines Gomez (Gasteiz, 1961) astrofisikariari eman dio berrikuntzaren Heraclio Alfaro saria, justu sariarekin omentzen duen arabar ingeniariak Gasteizen egin zuen lehen hegaldiaren mendeurrenean. Javier de Andres ahaldun nagusiak adierazi duenez, berrikuntzaren kultura aitortuz, lagunduz eta zabalduz ekoizpen ereduan aldaketa sustatzea da sariaren xedea.

Gomez Castro irakaslea da eta World Space Observatory-Ultraviolet (WSO-UV) proiektu zientifikoaren zuzendaria. Egitasmo honek izarren eta planeten sistemen sorreran parte hartzen duten prozesu hidromagnetikoak aztertzen ditu, eta, iragarri dutenez, Lurraren atmosferak bere izarrarekin eta inguru espazialarekin duen interakzioa ulertzeko gakoak emango ditu.