Jon LEUNDA
Sega | Gipuzkoako nazioarteko erako finala

Esnaolak eta Etxaburuak aurreikuspenak bete dituzte

Zizurkildarra eta legorretarra hasieratik bukaerara nagusitu ziren, faboritoak zergatik ziren erakutsiz.

Alatzne Etxaburuak eta Igor Esnaolak aurreikuspenak bete zituzten, eta eurek irabazi zituzten Gipuzkoako nazioarteko erako eta azkartasuneko txapelak, nesketan eta mutiletan. 300 ikusle inguru batu ziren Zizurkilgo Areta baserriko belardietan, finala ikustera.

Nesketan hiru partaide izan ziren, eta 50 metro karratuko bina sail moztu behar izan zituzten, bi txanda ezberdinetan, eta bietan izan zen nagusi Alatzne Etxaburua. Zizurkildarra bi txandatan erraz nagusitu zen eta bukaeran, bi txandatako emaitzak batuta, 58 segundoko aldea kendu zion bigarren sailkatu zen Imazi, eta minutu eta erdi Otamendiri. Bi txandatan ere emaitza bera izan zen, Etxaburua izan zen aurretik, eta atzetik, bietan, Imaz eta Otamendi sailkatu ziren.

Mutiletan hamabi segalari lehiatu ziren, eta lau txandatan neurtu ziren. Bakoitzak 100 metro karratuko sail bana ebaki behar izan zuen. Hortik aurreneko hiru sailkatuek finalerako txartela eskuratzen zuten, eta berriro 100 metro karratuko sail bana ebaki behar izan zuten.

Lehen fase honetan Igor Esnaola izan zen onena. Bigarren postuan Lizaso sailkatu zen, eta hirugarren, Garaialde, baina bi hauen artean ehuneneko gutxi batzuetako tartea besterik ez zen egon. Hirurak aritu ziren azkeneko saio horretan.

Bigarren txandan berriro ere Esnaola gailendu zen. Bigarren Lizasok amaitu zuen, eta hirugarren Garaialdek. Proba hauetan, ordea, azkar ebakitzeak bakarrik ez du balio, txukun ere moztu behar izaten da, zigorrik ez jasotzeko, eta hor Garaialdek txukunago ebaki zuenez, beretzat izan zen amaieran bigarren postua eta Lizasok hirugarren amaitu zuen.

Sailkapenaz gain, aipamen bereziak ere izan ziren, eta horien artean Joakin Garmendia izan zen, bera baitzen saioko zaharrena, eta berak itxi zuen sailkapena, azkena geratu baitzen, baina belarra txukunen ebaki zuena izan zen eta anoetarra bakarrik geratu zen saioaren amaieran zigorrik jaso gabe, eta horrek ere badu bere meritua. Amaieran, euskal presoen senideentzat ere egon ziren sari eta oroigarri batzuk.