«Oh, pas de problème», Ezkaurreko bitxi berria
Ezkaurreko zirkuan, Mikel Zabalzak eta Eneko Cesarrek 210 metro luze den bide berria zabaldu dute. Bidearen giltza, laugarren luzea, 7c+ gradukoa da. Protagonisten ustez, ederra eta gogorra da.
Lehen lerroan dauden pireneistak dagoeneko hasi dira udaberriari zukua ateratzen. Izotza, mistoa, elurra.... atzean utzi, eta baten batzuek arrokari astindu ederrak eman dizkiete. Mikel Zabalzak eta Eneko Cesarrek, adibidez, Ezkaurre aukeratu dute sormen lanak martxan jartzeko.
Hain zuen ere, mendiaren zirku basatiaren (hego aurpegia) hormatzarretan proposamen berria sortu dute. Protagonisten arabera, antza denez, murru horietako lehen bidea da. «Oh, pas de problème» izena jarri diote. Cesarrek adierazi digunez, Christian Ravierrek, Martin Eliasek eta enparauek asko erabiltzen duten esaldia da: «Bide bati edo zaila izan daitekeen sekzio bati buruz galdetzen diegunean horixe erantzun dute; hots, `lasai, arazorik ez dago'. Eta hain zuzen ere, proposamen hau zabaltzen ari ginen bitartean esaldi ditxoso horrekin behin baino gehiagotan gogoratu gara».
Marra berria zabaldu ahal izateko, eskalatzaile iruindarrek bi egun behar izan zituzten. «Oh, pas de problème» bidean guztira 210 metro berri eta bost luze atera zaizkie. Jakina, bi eskalatzaileok behetik zabaldu dute.
Marra zorrotza
Oro har, Ezkaurreko bide berria horrela sailkatu dute: «Oso ederra eta zorrotza da, eta batere arriskutsua. Gainera, arrokaren kalitatea oso ona da». Zailtasun teknikoei dagokienez, gehienez 7c+ graduko luze bat dago. Baina, hori bai, halabeharrezko zailtasuna 7a+ graduan zehaztuta utzi dute.
Cesarrek aurreratu digunez, lehen bi luzeek (6c eta 6c+) ez dute buruhauste handirik ematen. Hirugarrenetik aurrera, ordea, bai: «Lehen bi luzeetan helduleku on asko dago. Txapa gutxi bai, baina friendak sartzeko ez dago batere arazorik. Hirugarrenean, 7c gradukoan, hasieran friend asko jartzen dira, baina, ondoren, plaka gogor bat eskalatu behar da. Paraboltak hor daude, ez oso hurbil, baina, alabaina, erorketak onak dira luze hori oso tentea delako. Luze horretan asko eskalatu behar da».
Laugarrena ere, 7c+ zailtasunekoa, gogorra da: «Pareta zeozer etzaten da. Pauso bat ezin izan nuen egin oin batek irrist egin zidalako. Oso-oso teknikoa da, eta finean oin aldaketa bat da. Denboraz justu geunden, eta aurrera jarraitu genuen».
Bosgarrena eta azkena, berriz, zoritxarrez ez zaie guztiz era askean atera: «Erortzen den urarengatik, sekzio bat leun-leuna da, eta librean ezin da eskalatu. Horregatik pendulu txiki bat egin behar da. Pena handia hartu genuen!».
Azkenik, protagonistek diote jaisteko aukera egokiena Ezkaurreko bide normalena dela, zirkuan dauden kanalak ez baitira batere atseginak.

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»
