J.L.
Giza-proba

Urola Garaiak eta Berrobik finalean izateko aurreneko pausoa eman dute

Zumarragako, Urretxuko eta Ezkio-Itsasoko kirolariez osatutako Urola Garaia taldeak irabazi zuen Gipuzkoako giza-proba Txapelketako bigarren multzoko kanporaketako lehen saioa.

Aurreneko multzoan pasa den astean gertatu zen bezalaxe, metro gutxi batzuek erabaki zuten amaieran, eta etxeko taldeak azken txanpa bikaina egin ostean, garaipena erdietsi zuen. Dena dela, atzo ikusitakoaren arabera, Urola Garaiak eta Berrobik finalean izateko aukera asko izango dituzte, nahiz eta ondorengo bi saioetan hori guztia berretsi egin beharko duten.

970 kiloko harria erabili behar izan zuen talde bakoitzak, eta 20 minutu izan zituzten lanerako. Berrobi izan zen plazaratzen lehena, eta ikaragarrizko lana egin zuen. Oso erritmo altua jarri zuten, eta euren lana amaitu zutenean, 47 plaza justu zituzten eginak. Garbi zegoen marka hori apurtzea oso zaila izango zela, eta lortu bazuten ere, ondo kostata izan zen.

Horien atzetik Debako Tarinak taldea atera zen. Ez zuten aurreko tiralarien erritmoa ibili eta lan erdietarako minutu pasako atzerapena zuten. 42 plaza egin zituzten guztira.

Azkena atera zen Urola Garaia, eta luzaroan Berrobiren atzetik ibili baldin bazen ere, azkenean sekulako joa erakutsi zuten, eta azkeneko bi minutuetan ikaragarria egin zuten eta Berrobiren marka ondu. Bukaeran 47 plaza, bi zinta eta 5,15 metro egin zituzten etxekoek. Sargori egin zuen Urretxun, eta hala ere ikusleen erantzuna nahiko polita izan zen, 200 zale inguru gerturatu baitziren.