Jovan MATIC - Rusmir SMAJILHODZIC AFP
Lehen Mundu Gerra

Bosniak zatituta gogoratu du Sarajevoko atentatua

Bosniak atzo oroitu zuen Sarajevoko atentatuaren lehen mendeurrena, Lehen Mundu Gerrari hasiera emango zion erasoarena alegia. Baina zatituta gogoratu zuen, Frantzisko Josef I.a Austriakoaren oinordekoa zen Franz Ferdinand printzea eta bere emaztea erail zituen pertsonaren inguruko iritzi ezberdinak baitituzte serbiarrek eta musulmanek.

Vienako Orkestra Filarmonikoaren kontzertu bat egin zen bart Sarajevon mendeurrena ospatzeko, Viena baitzen atentatuaren garaiko Austria-Hungariako Inperioaren hiriburua. Gavrilo Princip atentatuaren egilea Bosnia Gaztea taldeko kidea zen, Bosnia eta Serbiako batasuna bilatzen zuen Esku Beltza izeneko erakunde nazionalistak maneiatzen zuen taldekoa.

Gazteak Franz Ferdinand printzea eta Sofia emaztea erail zituenean, inperioa zapuzten hasi zen. Mendeurrena ospatzeko antolatutako kirol eta kultur ekimenak Europar Batasunak ordaindutako kontzertu horrekin hasi ziren, nahiz eta erakunde horretako bururik ez zen bertan izan.

Bosniako eta Serbiako serbiarren buruak Visegradera joan ziren, Bosniako ekialdera, Princip «heroia» omentzera.

Orain bi urte europar ospakizunak gehiengo musulmana duen Sarajevon egingo zirela iragarri zenetik, serbiarrek ekitaldi horietan esku hartzeari uko egin diote, historiaren ikuspegi «errebisionista» batekin antolatu dituztelakoan, Princip «terrorista» zela esaten baitute, eta ekitaldiak antolatzen dituztenek serbiarrei leporatzen baitiete gerraren hasieraren ardura, betiere serbiarrek egiten duten irakurketaren arabera.

Andricgraden serbiarrak

Ehunka lagun elkartu ziren goizean goiz Andricgraden Princip omentzeko. Emir Kusturica zinemagile serbiarrak Ivo Andric jugoslaviar Literatura Nobelduna omentzeko Visegraden eraikiarazi zuen «Erdi Aroko hiria» da Andricgrad.

«Gavrilo Princip aurreko mendeko historiaren pertsonai nagusia omentzera etorri gara. Zatiketak tamalgarriak dira, baino askoz ere tamalgarriagoa da gertatu zena aldatzeko ahaleginetan ibiltzea», nabarmendu zuen 58 urteko Ljubisa Simonovicek. Bera Serbiatik heldu zen Milorad Dodik Bosniako Serbiar Errepublikako presidenteak bultzatutako ekitaldietan esku hartzera.

Andricgradeko «kale nagusiari» Mlada Bosna (Bosnia Gaztea) izena jarri diote, Franz Ferdinanden aurkako erasoa bultzatu zuen erakundearen izena alegia. Eraso hartako protagonista nagusien irudiak jasotzen dituen mosaikoa nabarmentzeko modukoa da. «Europako Mendebaldetik historia faltsutzeko egiten diren ahaleginei aurre egitea izan da nire motibazioa ekitaldiok antolatzeko, tirano baten erailketa ekintza terrorista moduan aurkeztu nahi dute-eta», esana du Kusturicak.

Joseph Zimet ospakizunak antolatzeaz arduratu den frantses misioko zuzendariari pena eman dio serbiar buruek Sarajevora joan nahi ez izatea. «Sarajevon aurrera atera dugun proiektua ez da ez Serbiaren ez Srpska Errepublikaren aurkakoa. Ez da Gavrilo Principi buruzko erreferendum bat».

Emozio gutxi

Principen izenak 1992tik 1995era hiria setiatu zuten serbiar indarrak ekartzen dizkie gogora Sarajevoko herritarrei. Gerra hartan ia 100.000 hildako izan ziren. Hiriburuko egungo populazioa axolagabe ageri da. «Orain mende bat gertatutako gauzek ez naute batere hunkitzen. Egilea terrorista edo heroia ote zen argitzeko zentzurik gabeko eztabaidek nazkatu egiten naute», dio Nermina Pobric 36 urteko etxeko andreak.

Gospa Petrovicek 68 urte ditu eta Sarajevoko zati serbiarrean bizi da. Berak argi dauka «Gavrilo Princip serbiar herriaren heroia» dela. «Bizirik gauden artean, gogoan izango dugu bere bizia herriaren alde eman zuen gizona. Bera baino martiri handiagorik ez dago».

Orain ia ehun urte, Sarajevoko atentatutik bost aste besterik pasa ez zirela, Europako potentzia nagusiek gerrari hasiera eman zioten, beren arteko lehiek, beldurrek, aliantzek eta buruen egoskorkeriek bultzatuta. Gerrak Europa odolustuta utzi zuen: hamar milioi hildako eta hogei milioi zauritu soldaduen artean, eta borroken eraginez hildako milioika zibil.