Andoni ARABAOLAZA
Eskalada | Proposamen berria

Foratatako hormetan, «Pirineismo trisexual»

Beste ingurumari batzuetako hormatzarrekin gertatu den bezala, Foratatako murruak, oso agerikoak badira ere, utzita egon dira. Alabaina, azkenaldian sormen lanak izaten ari dira bertan. Azkenak, «Pirineismo trisexual» du izena.

Tenako haranean dagoen murru ezagun horretan, hain zuen ere hego-ekialdeko ezproian, Felix Sanchezek eta Albertro Urtasunek proposamen berria zabaldu berri dute. 170 metro eta lau luze ditu: 6b, 7b, 6c/A1 eta V-. Urtasunek aurreratu digunez, bide berria oso zuzena eta arrokaren kalitatea ona da: «Marra ren ezker aldera `Valle de Tena' klasikoa dago. Lehen luzearen zati bat arriskutsua da eta bigarrenean zailtasuna derrigorrezkoa da. Hori bai, erregeleta eta ur tantez osatutako murru ederra da. Uste dut, oro har, zabaldu dugun marra interesgarria dela. Nahiko ekipatuta dago, eta plakak nagusi dira».

A1 graduko tarteari buruz, nafarrak zera dio: «Era askean eskala daiteke, baina gogorra izango da oso. Sabai batean hiru txapa gainditu behar dira. Azken txapa derrigorrez artesi baten ondoan sartu genuen, bloke arriskutsu bat dagoelako. Bidea eskalatzeko 0.5, 0.75 eta 1 zenbakietako friendak eta hiru mikro ertain eraman behar dira. Hirugarren luzean kontuz soken lanarekin».