Larrañaga eta Mugertza II.a besteen gainetik agertu dira
Azpeitiarrak eta mutrikuarrak ez dute hutsik egin, eta finala jokatzeko saria jaso dute. Haiekin batera, Eneko Otañok, Arkaitz Jauregik, Aratz Mugertzak eta Luix Txapartegik ere eskuratu dute txartela.

Mikel Larrañagak, Ugaitz Mugertzak, Eneko Otañok, Arkaitz Jauregik, Aratz Mugertzak eta Luix Txapartegik lortu zuten atzo Zumarragan, Euskal Herriko Bigarren Mailako finala jokatzeko txartela. Maila, berriz, inork ez du galduko, Antonio Senosiainek eta Manolo Kañamaresek uko egin baitiote parte hartzeari, eta, ondorioz, haiek izango baitira Hirugarren Mailara jaitsiko direnak. Azken orduan, beste baja bat ere izan zen, Oihan Larretxea ez baitzen agertu, min hartuta dagoelako.
Hiru txandatan banatuta aritu ziren aizkolariak, eta bakoitzak oinbiko bat, 60 ontzako bat eta hiru kana-erdiko erdibitu behar izan zituen. Aurreneko txandan, Mugertza III.a, Txapartegi, Lasa eta Telletxea lehiatu ziren. Mutrikuarrak hasieratik hartu zuen aurre eta erraz eraman zuen txanda. 54 segundoko tartea kendu zion Txapartegiri, nahiz eta biek lortu zuten finalerako txartela. Bi minutu eta 34 segundora geratu zen Lasa, eta lau minutu eta 16 segundora, berriz, Telletxea. Azken hauek finala jokatzetik at geratu ziren.
Oihan Larretxearen faltan, hiru bakarrik aritu ziren bigarren txandan, eta Mikel Larrañaga jaun eta jabe izan zen. Hasieratik bukaerara nagusitu zen, eta berea izan zen, gainera, kanporaketako denborarik onena ere. Bi minutu eta 43 segundo kendu zizkion Aitor Senosiaini, eta 3 minutu eta 9 segundo, berriz, Julen Kañamaresi. Azken hauek finaletik kanpo geratu ziren. Bi nafarrengan itxaropen handiak zeuden, baina bietako inor ez zen ibili espero bezala.
Onena
Multzorik onena eta lehiatuena hirugarrena izan zen. Bertan, Ugaitz Mugertza, Eneko Otaño, Arkaitz Jauregi eta Xabier Zaldua aritu ziren lanean. Hemendik hiruk lortu zuten finalean aritzeko txartela, eta azkena geratu zena, Zaldua, oso gertu geratu zen bere helburutik.
Ugaitz Mugertza izan zen nagusi. Mutrikuarra hasieratik jarri zen buruan, eta horrelaxe aritu zen amaitu arte. Ikusgai zegoen ea aurreko multzoan Larrañagak egindako denbora hobetuko zuen edo ez, baina Mugertza II.ak ez zuen lortu, 15 segundora geratu baitzen.
Bigarren posturako borroka polita izan zuten Otañok eta Jauregik. Oso parean aritu ziren beti, nahiz eta gehienetan arabarra auretik ibili zen, baina Beizamakoak gainditu egin zuen azkeneko enborrean, bigarren amaitzeko. Finaleko bi ezusteak izan ziren. Eneko Otañok lehen aldiz hartu zuen parte maila honetan, iaz Hirugarren Mailako Txapelketan bigarren amaitu ostean. 19 urte besterik ez ditu, eta lan bikaina egin zuen.
Jauregik bigarren aldia zuen maila honetan, iaz doi-doi eutsi ostean. Ilarduiakoak ere oso lan ona egin zuen, eta saria lortu zuen, finalerako sailkatuz.
Gauza bitxien artean, nafarren falta izango da finalean, ez baita ohikoa herrialde horretako aizkolaririk finaletan ez izatea. Atzo, aldiz, bi besterik ez ziren aritu, eta ez zuten mailarik onena eman. Izan ere, azkeneko saioa jokatzeko lekuetatik oso aparte geratu ziren bai Aitor Senosiain bai Julen Kañamares gaztea ere.

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa
