Xole ARAMENDI DONOSTIA
Udate

Steven Green: «Konfiantza dut, Donostia 2016 bide onetik doa»

Steven Greenek, Europako Kultur Hiriburutzaren Jarraipen Batzordearen lehendakariak, ez du zalantzarik: Donostia 2016 bide onetik doa. «Erakunde denen konpromisoa ikusi dut gaur», adierazi zuen. Atzera ez, aurrera begiratzeko unea dela nabarmendu zuen.

Donostiak Europako Kultur Hiriburutzaren Jarraipen Batzordearen bisita jaso zuen atzo. Atzoko bisita errutinazkoa izan zen, «aparteko arrazoirik» gabekoa. Steven Green, batzordearen lehendakaria, eta Ulrich Fuchs, batzordeko kidea, egun osoz egon ziren batzartuta Patronatua osatzen duten erakundeetako kideekin, udal alderdi politikoetako ordezkariekin, Donostia 2016 bulegoko kideekin eta hainbat kultur eragilerekin. Egunak aho zapore ona utzi zien bi bisitariei.

Batzordea osatzen duten zazpi kideen independentzia nabarmendu zuen, hasteko. «Ez dugu inorentzat lan egiten», esan zuen egunaren amaieran udalean egindako agerraldian.

Beren lana aholkularitza eta laguntza eskaintzea dela argitu zuen. «Gure zeregina ez da kritika egitea, hiriburutzaren kudeaketan laguntzea baizik».

Izan ere, urte luzetako esperientzia dute. «Europan hainbat hautagaitza ezagutu ditugu. Denak dira desberdinak, baina antzeko erronkak dituzte. Lagungarri gerta daitekeena eskaintzea da gure lana», adierazi zuen. Bide horretan, «krisiak eta kargu uzteak» hautagaitza ugaritan ikusi dituzte. Gauzak horrela, ez dituzte batere harritu Donostian izan diren gorabeherek.

«Ez dut krisirik gabeko hiribururik ezagutzen. Prozesu bizia da, eta krisia hazkundeari lotuta doa beti», gaineratu zuen Ulrich Fuchsek albotik.

Gainera, Donostia 2016 proiektuak behin betiko aurrekontua onartuta izatea albiste ontzat jotzen dute. «Hori ez da beste kultur hiriburuetan gertatu», kontatu zuen Greenek.

Hiriaren ospea kaltetu

Hedabideen aldetik hiriburutzaren proiektuari egindako kritikek eta alderdi politikoen ordezkarien arteko hika-mikek kaltetzen duten bakarra hiriaren izena eta ospea dela azpimarratu zuen. «Politikariek elkar kritikatzen dutela... Eta? Horixe da politika. Kritika horiek kudeaketan ez dute eraginik izango», esan zuen.

Donostia 2016 hautagaitzaren aukeraketa eragin zuen txosten mardula eskuan hartuta, bere edukia irakurtzeko gonbita luzatu zuen. «Bertan aurkituko duzue buruan dituzuen galdera askoren erantzuna», adierazi zuen. Horren harira, proiektuaren «nazioartekotasuna» azpimarratu zuen.

Zuzendari orokorra «berandu» datorren beldurrak uxatu zituen. «Ordurako gauza asko martxan egongo dira eta ez du zertan arazoa izan», esan zuen. Horren harira, onartu zuen gaur egungo behin-behineko zuzendaritza taldeak berari ez dagozkion ardurak hartu dituela bere bizkar. «Garai zailak dira», aitortu zuen.

2016an alkate aulkian nor egongo den, horren aurrean ez zuen kezkarik agertu. «Dagoena dagoela proiektua jasoko du, hiriburutza ez baitagokio partidu jakin bati, hiri osoari baizik».

Bere esanetan, ohiko kultur jaialdia baino harago doa Donostia 2016 proiektua. «Eta joan den asteburuan egoitzaren inaugurazioa zela-eta egindako festa proiektuaren aperitiboa besterik ez zen izan. Hiriko artistak eta herritarrak elkarrekin aritu ziren, elkarrengandik ikasiz eta elkarrekin gozatuz; horixe da izpiritua», kontatu zuen.

Bere aldetik, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak proiektuaren aurrean duen konbentzimendu osoa berretsi zuen: «Ondo aterako da. Denon esfortzuarekin arrakastatsua izango da», adierazi zuen.