Eskalatzaileen paradisua
Herrixka lasaia eta historia eta tradizio handikoa, mendiz inguratutakoa, Arga ibaiak zeharkatua eta mikroklima berezikoa. Horrelakoa da Etxauri herria (Nafarroa). Eta horrez gain, eskalada gustuko dutenek paradisua dute hemen, maila guztietako 700 eskalada-bide baino gehiago baitaude Etxauriko pareta famatuetan.

Aste honetan Bizibizikitik zabaltzen dizuegun proposamena egun osoko edota asteburuko txango bat izan daiteke Etxauri herriko ingurutik. Iruñetik 10 minutura dago eta iristeko oso erraza da. A-15 autobidean 92. irteeratik Aratzuri herria zeharkatu behar da NA-700 errepidetik eta, Ororbia eta Ibero herrietatik pasa ondoren, berehala iritsiko gara Etxaurira. Etxauriko bailaran ez dago ostatu hartzeko eskaintza oso zabala, baina autokarabanan edo kanpina jartzeko guneak aurki ditzakegu inguruan.
Bailaran zehar aukera paregabeak dauzkagu abenturako ekintzak egiteko. Bertako Sarbil mendilerroko hego paretak dira, zalantzarik gabe, Nafarroako eskalada eremurik onena, eta Europako eskalada-eskola onenetariko bat. Kirol hau praktikatzeko baldintza ezin hobeak elkartzen dira: oso kalitate oneko kareharrizko eremu eta pareta ugari eta ekipamendu onak.
Azken urteetan eskalada bide berri asko atondu dira, gradu askotakoak: errazak batzuk eta goi mailakoak besteak, tartekoak ahaztu gabe. Bestalde, zailtasun gutxiko bi eremu ere prestatu dira eskaladan hasi berriak direnentzako egokiak. Etxauriko eskalada eskola berritzeko lan horietan Mendi eta Eskalada Kirolen Nafar Federazioaren (FNDME) ekipamenduen batzordeak eta eskalatzaile eta ekipatzaile talde txiki batek parte hartu du.
Etxauriko kareharrizko pareta hauek 20 eta 130 metro artekoak dira eta ia urte osoan eskalatzeko aukera ematen dute. Gehienek hegoaldeko orientazioa duten arren, badira itzaleko eremuak ere, iparraldera begira eta udako egun beroetan eskalatzeko egokiak direnak. Garrantzitsua da aipatzea, bide batez, abenturazko ekintza guztiak bezala, eskalada kirol arriskutsua izan daitekeela. Beharrezkoa da beti formakuntza egokia jasotzea, irakasle tituludunek emana, progresio, segurtasun eta babes teknika egokiak ezagutzeko. Horregatik, eskaladan lehen pausoak adituen laguntzarekin ematea da Bizibizikiren gomendioa.
Ingurune anitza
Eskalada praktikatzeaz gain, Etxaurik beste ekintza asko egiteko aukera zabaltzen digu. Herriaren bukaeran mendatea igotzen hasten da eskuineko aldera abiatuz gero. Oso bide aproposa da errepideko bizikletaz ibiltzea gustuko dutenentzat, izan ere, oso ibilgailu gutxi pasatzen da bertatik. Mendatearen goiko aldean, 840 metroko altueran, bailara osoko panoramikaz gozatzeko behatoki bikaina aurkituko dugu: Iruñerria, Sarbil mendiko haitzak eta Erreniega mendia ikus daitezke. Gainera, Arga ibaia begiztatuko dugu gure oinetan, zereala, mahatsak eta gereziak (bertakoak ospe handikoak dira) landatutako soroak ureztatzen. Mendi irteerak egiteko ingurune aproposa da baita ere. Ibilbideen seinaleztapena nahiko urria den arren, bideak oso ondo zainduak daude eta zaila izaten da bertan galtzea.
Udako egun beroetan uretan ibiltzea nahiago dutenentzat, Arga ibaian zehar piraguekin ondo pasatzeko aukera ezin hobea dugu. Iruñeko GuiasK2 enpresak (guiask2.blogspot.com.es), hala nola, kayak ikastaroak ematen ditu bertan. Ur lasaiak direnez, piraguan ibiltzeko jakin beharreko oinarrizko kontzeptuak ederki praktikatu ahal izango ditugu esperientzia handiko profesionalen laguntzarekin. Uretan freskatzeko ere, Etxauri herrian udal igerilekuetan edota latsarritik igarotzen den errekatxoan bainu ederra har daiteke eta umeak jolasten ibiltzeko leku oso aproposak dira.
Kultura, historia eta gastronomia ere ingurune honetako ezaugarri ukaezinak dira. Otazu eta Erieteko jauregiek mahastizaintzarekin eta ardogintzarekin izandako lotura historikoak nabarmenak dira. Otazu upategira bisita egitea oso gomendagarria da, tradizioa eta berrikuntza batzen dituen eraikin paregabea baita. Egun, ardo beltz eta zuriko 2.000 upel biltzen dira bertan, eta lehen mailan dauden upategien artean kokatu da. Ardo goxoa dastatuz, beraz, Etxaurin gure bisitari amaiera emango diogu.
www.bizibiziki.com
Zerbitzuak: Etxaurin bertan janari-denda eta botika daude. Bi taberna: Denok bat eta Basterra taberna.
Lo egin: Inguruko kanpinetan (Camping Lizarra, Estella-Lizarran, telefonoa: 948 55 17 33. Iruñea ondoko Ezkaba kanpinean. Mendigorriako El molino, telefonoa: 948 34 06 04).
Eskalada: Sua Edizioak argitaratutako liburua «Guía completa de la escalada en Navarra»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

EH Bildu ganaría en la CAV y subiría en Nafarroa, según un sondeo de Aztiker

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
