«'Celedon' bidea kateatu dut, eta ni horrekin geratzen naiz»
Denbora generaman azpeitiarrarekin hartu-emanik eduki gabe. Baina berriro elkarrizketatzeko aukera ederra dugu; izan ere, muturreko zailtasunera itzuli da Ilarduian «Celedon» bidea kateatu eta gero. Pozik dago eginiko lanarekin, baina zapore gazi-gozoa duela antzematen zaio, eskalatu berri duen bidearen graduaren inguruan iritzia eman eta gero. Ekainaren 23an poltsikoratutako bidea 9a dela uste du.
Honako elkarrizketan, Gorka Karapeto «Celedon» bidean eginiko lanaz mintzatu zaigu.
Zer dela-eta ibili ote da Gorka Karapeto Ilarduia bezalako eskalada eremu batean?
Bada, besterik gabe. Eskalatzen eta eskalatzen. Batzuk asko hitz egiten, eta ni isil-isilik eskalatzen (kar, kar). Oro har, ondo pasatzen, Patxi Usobiaga, Ruben Diaz, Dani Andrada eta beste kide batzuekin. Urtearen hasieran Etxaurin eskalatzen izan naiz, gero apiril aldean Ilarduiara joan eta hango martxa pixka bat hartzen hasi nintzen. Sasoi puntu on bat hartu ondoren, «Celedon txiki» bidean saioak egin (8c+/9a) eta azkenean katera heldu nintzen. Bost eguneko saioak behar izan nituen (bi iazko urrian eta beste hirurak pasa den apirilean). Hain azkar egin nuela ikusita, «Celedon»-en saiatzea otu zitzaidan.
Hain zuzen ere, azken bide hori «Celedon txiki»-ren jarraipen bat da. Iker Pouk zabaldu eta lehen igoera sinatu zuen, eta hark 9a+ proposatu zuen. Beraz, zure lehen 9a+ graduaren bila joan zara?
Bueno, «Celedon»-en berri banuen. Eta aitortu behar dizut probatzeko gogoa nuela. 9a graduko hiru bide nituen, eta beste koska horretan saiatu nahi nuen; izan ere, 9a+ zer den ez dakidalako. Eta, zergatik ez, «Celedon txiki» hain azkar egin eta gero, beste hamar metro horiek probatzea otu zitzaidan.
Hitz batean esanda, neure muga hori non dagoen ikusi eta aztertu nahi nuen. Plus hori zer den probatu nahi nuen. Alabaina, 9a izan bazen ere argi dut saiatuko nintzela.
Hain ona iruditu al zaizu?
Bai, inolako zalantzarik gabe. «Celedon» marra ederra baino ederragoa da; orain arte eskalatu dudan onenetarikoa. 40 metro ditu, eta benetako erresistentzia eskatzen du. Gainera, amaiera aldean erregeletez osatutako murru perfektua du!
Hala da. Oro har, Ilarduian dauden bide guztiak estilo berekoak dira. Eta dakizun bezala estilo horretan ondo moldatzen naiz: bide luzeak, erresistentzia eskatzen dutenak, erregeletak dituztenak, atseden lekua dutenak pixka bat errekuperatzeko... Hitz batean esanda, mugitu behar duzun horietakoak; teknikoak, alegia.
Aitortu behar dizut «Celedon»-en egin duzun lanak harritu nauela. Soilik hiru egun behar izan dituzu marra hori poltsikoan sartzeko! «Begi puntuan» bidea (9a, Etxauri) egiteko, adibidez, bi denboraldi behar izan zenituen.
Bai, ni ere harritu naiz. Bide horretan oso eroso sentitu naiz. Lehen saiotik ia menderatuta nuen. Agian, azkartasun hori ulertzeko giltza zera izan da: Ilarduiako bideetan erritmoa hartu nuen. Behin erritmo horrekin uste dut gauzak errazagoak atera direla. Ez da gehien kostatu zaidan bidea, baina onartu behar dut gogorra dela. Akats gutxi onartzen duen marra da, eta uste dut nire estiloa aprobetxatu dudala «Celedon» hain azkar egiteko.
«Begi puntuan» bosgarren saioan erorketa batekin egiten nuen. Baina orpoa jarri behar duzun pauso batek behin eta berriz atzera botatzen ninduen. Eta bai, kosta egin zitzaidan neure helburua lortzea. «Celedon», adibidez, 40 metro luze da, eta onartu behar dut pauso edo sekuentzia zehatz batek ez didala arazorik eman. Oso zorrotza da, baina ondo moldatu naiz.
Pou lehena izan zen, David Gambusek bigarren igoera egin zuen eta zuk hirugarrena. Elkarrizketa batean adierazi duzu ez duzula dekotazioei buruz mintzatu nahi, baina uste duzula «Celedon» 9a dela. Badirudi aho txikiarekin emandako iritzia dela. Iker Pouk esan dezakeenaren beldur zara?
9a bat egin dut, hori da nire iritzia. Ikerrek eta Davidek 9a+ zela esan zuten; nik 9a bezala sentitu dut. Agian, 9a+ da; ez dakit, hurrengo errepikatzaileek esango dute. Ikerrek zer esango duen beldur? Ez. Berriro diot, uste dut 9a dela, eta besterik gabe iritzi zintzo bat ematen ari naiz.
Horretaz gain, esan duzu gai honek hedabideei morboa ematen digula. Baina, uste dut hedabideei baino gehiago eskalatzaileen kolektiboari morboa ematen diola.
Horretan arrazoia duzu. Beldur ez, baina badakizu nolakoa den jendea. Debatea ondo dago, baina, adibidez, foroetan dauden ika-mika gaiztoak inork ez ditu atsegin. Ederra izango litzateke bai guk, eskalatzaileok, bai zuek, hedabideok, argi eta garbi hitz egingo bagenu. Finean, gradua garrantzitsua da, baina niretzat garrantzitsuena da «Celedon» igo dudala. Eta horrekin geratzen naiz.
Kateatze hori nola joan den ikusita, orain 9a+ baten bila joango zara?
Ikusiko dut. Labean ditudan bide batzuk bukatu behar ditut, bidaiatu ere egin nahi dut... Jakina, arestian aipatu dudan koska hori zer den ezagutu nahi dut. Baina nire helburua, 33 urterekin, maila horretan egotea da. Jakina, gozatzen eta gerra ematen jarraitzen!
Dagoeneko, poltsikoan lau 9a dituzu. Horri buruz, ze irakurketa egiten duzu?
Lau bide horien artean denbora jakin bat dago. «Sistematik ihes» 2008. urtean egin nuen, eta orain «Celedon» iritsi da. Denboran distantzia dago, eta uste dut hori mantentzea ez dela erraza. Gorabehera batzuk tarteko, berriro maila horretara iritsi naiz.
Ze garrantzia ematen diozu 9a graduari? Egun, askok egiten duzue. Eta bistaz ere lortu da.
Nahiz eta askok egin, oraindik maila hori garrantzitsua da. Badakit zer den eta zenbat kostatzen den. Niretzat garrantzi pertsonala du.
[Oharra: elkarrizketa hau Patxi Usobiagak bidearen laugarren igoera (ekainak 30) egin aurretik egin genuen. Eibartarrak ere uste du 9a dela].

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete
