«The Sky is the limit»
Erresuma Batua uztera goaz, eta zaila egiten zait oraindik ere, azken 3 egunetan bizi izan duguna hitzekin azaltzea. Ikaragarria, esajeratua, pasada bat, eta arriskutsuak ere izan dira britainiarren uhartean eginiko kilometro hauek. Ezbairik gabe, aitor dezaket sekula errepide bazterrean ikusi gabeko jendetza hau eta zaleren bat harrapatzeko beldurra ez dudala azken 11 urteetako beste inongo lasterketatan bizi.
Orain artean horrenbesteko txirrindulari tradiziorik izan ez den herrialde honetan egon den bizikletaren «boom» hau, neurri handi batean, Sky taldeari zor zaio. Bere egunean Murdock jaunak (Sky telebista eta beste komunikabide askoren jabea) Erresuma Batuko pistako selekzioa babestu, eta izugarrizko arrakasta izan eta gero, bere duda-mudako negozioen norakoak bere herrikideen artean eman zioten fama txarra zuritu eta hobetu nahian, errepideko talde bat osatzera bultzatu zuen. Bere helburua, Erresuma Batuan bizikletaren erabilera zabaltzea zen, ekologia eta bizitza osasuntsua bultzatu eta trafiko arazoei irtenbide bat emate aldera.
Ez dakit Murdock jaunak bere herrikideen miresmena lortu duen taldea osatuta, baina berak sortu edo babestutako taldeak ikaragarri aldatu du britainiarren bizikletarako grina.
Ezinezkoa zirudien, baina bi urtez segidan Sky taldeak eta bi britainiarrek munduko lasterketa handiena, Frantziako Tourra, erdietsi dute. Horretaz aparte, beren Jaguar eta arropa moderno, eta mugagabeko aurrekontuak, moda-modako talde bilakatu dute Sky. Eta beraiei buruz idatzi diren titular guztien gainetik, «The Sky is the limit» datorkit gogora. Kazetari batzuek zioten talde honek ez zuela mugarik eta zeruan bakarrik bila litekeela bere langa.
Ba benetan diotsuet, egun hauetan ikusi dugun jendetzak ere, uste dut zeruan zuela muga, zeren tropel barrutik neukan sentsazioa zen lurretik zerurainoko distantzia betetzeko adina jende zegoela bide bazterrean.
Eta honekin, Frantziara eramango nauen hegazkina hartu aurretik, agur esaten dizuet. Espero dut gure hegazkinak zeruan mugarik ez izatea, bestela zeruko sabaia jo eta lurrera erortzeko beldurrez joango naiz eta!!!!

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
