Maite Bidart
UDATE | IRUÑEKO SANFERMINAK

San Derbiak

Dei bat izan dut GARAko erredakziotik. -Maite! Fabore bat eskatu behar dizut. Aritz Intxustak. -Ui, ze fabore mota?, nik. -2.300 karakterekoa. Sanferminei buruzko zutabe bat. Baina ez dadila astuna izan, e? -Nik? mmmm... konforme. Baina zein San Fermin? Lesakakoak edo Iruñekoak? Isiltasuna telefonoaren bertze aldean.

Sanderbiak. Lesaka vs Iruñea. Baietz uztailaren 13koa baino hobea izan.

Lesakak ez zuen Ernest Hemingway enamoratu, ez dugu festen inguruko libururik, nazioartean ez dugu sonarik, ez entzierrorik, ezta australiarrik ere. Horrelako giriak ez datoz Nafarroa iparraldera. Baina, guk ere baditugu. Zuenak bezainbertze edaten dute, edozein bazterretan ligatu, lo geratu eta pixa egin. Painulu gorria behar baino lehenago jarri. Gaupasero finak, nekaezinak, zikinegiak aukeran. Gure giriek ez dute erraten «torito» edaten «sagria» eta jaten «paela». Gehiago dira betizu, sagardo eta solomo gazta. Hemingway akaso ez, baina Lesakarekin enamoratuta daude lazkaotarrak, ondarroarrak, Astigarragakoak, Laudiokoak eta Ziburukoak... Euskal Herri osoa. Horregatik, Lesakan sanfeminak euskaraz bizi ditugu, eta horrek gustoa ematen du. (1-0)

Guk ere baditugu gure momentikoak, baina ez asteburuko masifikazioan. Ezpata-dantzarien kaxkabelak ziharkakan. Zubigainekoa hasi aurreko isiltasuna, goizeko zortzietako arrankada, peñetako bajada, Onin petrileko bermuta eta kroketa... eta nola ez, lesakar guztiei oilo ipurdia jartzen digun Napoleones. (2-0)

Fin Lesakaren apologia. Eta ausartuko naiz erraten Lesakako festak herrikoak direla, baina ez nahi bezain herrikoiak. Mozkortzeaz haratago, guti dagoela egiteko, eta horregatik helduak baztertuak geratzen direla eta haurrak ere bai. (2-1)

Iruñea Iruñea da. Hemingwayen gisan ni ere enamoratuta nago. Gustatzen zait Villabesako txoferrak ere zuriz janztea, La Raspan urdaiazpikoa tomatearekin gosaltzea, Nabarrerian marianitoa hartzea, Zurizan kabazeno-kide izatea, eta Jarautatik peñen erritmoan gerria mugitzea. Baina, batez ere, kanpotarra izan arren festa hau nirea ere badela sentitzea, eta aitortzea inoiz ez dela momentu aproposa erretiratzeko, festak, goiz eta arrats, bederatzi egunez jarraituko duela badakidalako. Nabaritzen delako ere UPNren nahiaren kontra, festa hauek gero eta herrikoiagoak direla. Txuri, gorri eta berdeak, alaiak, herrikoiak, parte hartzaileak, parekideak, euskaldunak. Gora peñen pankarten satirak eta prozesioko txistuak! Biba jai aldarrikatzaileak eta arrantzaleak! Biba Runa eta Gora-Iruñea!(2-2)

Irakurle, ez dezazula uste lehiak berdinketarekin bukatuko duenik. Bai, zera! Lesakarra izaki, Iruñetik idazten ari naiz hau, txupinazo egunean etorri eta oraindik erretiratzeko momentua ez baitut aurkitu. Hori bai, bihar Lesakara zuzenean. Lesaka beti izanen delako Lesaka. (3-2)