Jon LEUNDA
SEGA | GIPUZKOAKO FINALA

Maila handiko kirolariekin erabakiko da txapela

Igor Esnaola, Juanjoxe Lizaso, Jon Kanflanka eta Iñigo Merkader neurtuko dira bihar eguerdian, Aian.

Igor Esnaola, Juanjoxe Lizaso, Jon Kanflanka eta Iñigo Merkader neurtuko dira bihar, 12.00etan, Aiako Kanposantu azpiko belardian, eta Gipuzkoako txapela izango dute jokoan. Bakoitzak ordubeteko lana egin beharko du, eta tarte horretan kilorik gehien ebakitzen dituenak lortuko du txapela.

Dudarik gabe, Esnaola eta Lizaso dira txapela lortzeko faborito nagusiak. Kanporaketan ere bi onenak izan ziren, eta gauzak ikaragarri aldatzen ez badira, bihar ere horrela izango dira. Kanporaketan Esnaola izan zen onena, eta emandako itxura ere paregabea izan zen. Bihar, ordea, ordubeteko lana izango dute, eta gauzak alda daitezke.

Kanflanka eta Merkader ere kontuan hartu beharko dira. Lehenengoak eskarmentu handia dauka, eta ordubetean lan oso onak egin izan ditu. Merkaderrek, berriz, aurten hartu du parte aurreneko aldiz, eta orain arte egin dituen saioetan oso itxura ona eman du. Plazan, lehen aldiz arituko da ordubetean, baina fisikoki bikain ikusten den mutila da, eta berea egiteko ez luke arazorik izan behar.

Pasa den urtean Esnaolak irabazi zuen, eta Legorretakoa aurten ere sasoi betean ikusten da, bai nazioarteko eran, bai betiko eran. Lizaso, berriz, saiatuko da Legorretakoa estutu eta hari aurre hartzen.

Zuzenketa

Almitza Elkarteak ohar baten bidez jakinarazi du pasa den astean jokatu zen Euskal Herriko nazioarteko erako Ligako bigarren jardunaldian oker bat egon zela mutilen azkeneko emaitzetan. Goenagari eman zioten irabazitzat saioa, eta Esnaolari bigarren postua eman zitzaion. Emaitzak berriro aztertu ostean, okerra dagoela ohartu omen dira, eta azkenean bigarren jardunaldi hori Esnaolak irabazi zuen, eta Goenaga bigarren izan zen. Aldi berean segalariei ere barkamena eskatu nahi izan die Almitza Elkarteak.