Jon LEUNDA
SEGA | GIPUZKOAKO FINALA

Oraingoan Lizasok mendean hartu du Esnaola

Asteasuarrak eta legorretarrak oso neurketa estua izan zuten, eta 13 kilok erabaki zuten amaieran.

Juanjoxe Lizasok irabazi zuen atzo Aian jokatu zen Gipuzkoako finala. Saio oso estua izan zuen Igor Esnaolarekin, eta amaieran 13 kiloko aldea baino ez zen egon bien artean. Segalari bakoitzak 10 sail izan zituen ebakitzeko, eta ordubete izan zuten lanerako.

Esnaola eta Lizaso ziren txapela lortzeko faborito nagusiak, eta horrelaxe izan zen. Agian jendeak Esnaolaren aldeko joera gehiago zeukan, eta horretarako azken emaitzei begiratzen zien. Berak irabazi zituen pasa den urtean bai Gipuzkoako eta bai Euskal Herriko txapelak, eta aurtengoan ere bera gailendu zen Gipuzkoako kanporaketan.

Atzo, ordea, Lizasok hartu zion aurre, nahiz eta berriro ere garbi geratu zen bien artean ez dagoela alderik. Belarra oso zaila zegoen, leku batzuetan oso nahastuta baitzegoen, eta hor Asteasukoa hobeto moldatu zen, gainerakoan sailetan oso parean ibili baitziren bi faborito nagusiak.

Oso erritmo azkarrean hasi zen Esnaola, eta bera izan zen sailik gehienetan aurrena, baina beti parean izan zuen Lizaso, nahiz eta honek ere sailen bat aurretik bota zion. Amaieran, ordea, mota honetan ez du balio aurretik ibiltzeak, azkenean moztutako kiloek balio baitute.

Belarrak biltzen ari zirela, Esnaolak hobeto ebakia ote zuen ustea bazegoen, eta jendeak berak irabaziko zuela uste zuen, baina azkenean Lizaso izan zen kilo gehiago moztu zituena, eta berak eraman zuen txapela.

Kanflanka

Hirugarren postua Jon Kanflankarentzat izan zen. Sailetan Iñigo Merkaderren eta bere artean oso alde txikia izan zen, nahiz eta leitzarra gehienetan aurretik izan zen. Amaieran ere berak aurretik amaituko zuen susmoa zegoen, eta kasu honetan adituek asmatu egin zuten. Dena dela, Merkaderrek egindako lanak ez dauka inongo aitzakiarik. Oraindik oso gaztea da, eta bere lehen finala zen. Aurten hasi da segalaritza munduan, eta finalerako txartela eskuratzea bera ere oso lorpen handia izan da beretzat. Gorputza eta sasoia badauzka, eta aurrera jarraitzen baldin badu, gerora zeresan handia eman behar duen segalari horietakoa izango da, hobetzeko tartea bai baitauka.