Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Arazoa

Taxi gidari madrildarrak Galeanoren galderari eman zion erantzuna «arazoak» izan zen, «ez duda, ez muda». Eta zein izan zen ba idazle uruguaitar handiak halako erantzun biribila jasotzeko eginiko galdera? Ea mairuek zer ekarri zuten, bere ustez, Espainiara.

Netanyahurentzat arazo dira palestinarrak eta Marotorentzat, moroak. Inperialismoarentzat ezberdina dena beti baita arazoa, ondotxo dakigu hori euskaldunok. Isabel erregina katolikoak espainiar inperioa eraikitzeko bota zituen mairuak (eta juduak).

Kulturalki mendeetan zehar eraikitako aurreiritzien aurrean, ordea, deskuiduan geratutako ondare aberatsa zerrendatu zuen Galeanok: «Erlijio tolerantzia, errege-erregina eskuz akabatua; haize errotak, lorategiak eta egun ere hainbat hiriri edatekoa eman eta soroak ureztatzen dituzten ubideak; posta zerbitzu publikoa; ozpina, ziapea, azafraia, kanela, kuminoa, kanabera, azukrea, txurroak, albondigak, fruitu lehorrak; xakea; zero zifra eta erabiltzen ditugun zenbakiak; aljebra eta trigonometria; Anaxagoras, Ptolomeo, Platon, Aristoteles, Euklides, Arkimedes, Hipokrates, Galeno eta beste hainbat idazle klasikoren lanak, arabierazko itzulpenei esker hedatuak Espainian eta Europan; arabierazko 4.000 hitz, egun gaztelaniaren osagai; eta edertasun handiko zenbait hiri, Granada adibidez».

Inperialismoa faxismoa eta xenofobia da, helburuak betetzeko ezinbestekoa baitu kulturaren homogeinizazioa eta ezberdinaren integrazioa (desagerpena). Eta horretarako, etsaia inguratu eta isolatzeko harresiak eraikitzen ditu. Israelek Palestinako lotsaren harresia; Marotok kriminalizazioaren eta xenofobiaren harresi sinbolikoa. Etsaia ondo isolatuta dagoenean, modu indiskriminatuan erasoa jotzeko. Ez dugu ahaztu behar, ordea, jarrerok ez direla bestea tamalez, eta errespetuan eta parekidetasunean eraikitako mundua amesten dugunok hor dugu arazo potoloa.

Asko poztu nau Gazako herritarren aurka Israel burutzen ari den genozidioaren aurrean herritar askok agertu duten determinazioak. Baita zenbait kazetari duinek agertu duten jarrera garbi eta inpekablea ere, beste askoren ekidistantzia hipokritaren aurrean. Baina ez nau lasaitzen, etxera etorriz, Gasteizko herritarren artean Marotoren hitzek izan dezaketen babesak. Ez baitit lasai egoteko motiborik ematen, Sestaoko alkate faxistak egindakoak eginda, herritarrengandik jaso boto zaparradak, adibidez. Asko kostatzen ari baitzaigu etorkinek gure herriari egiten dioten ekarpen aberatsa ikustea eta onartzea.