Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Metalen ziklo bizia!

Zalantzez egindako mundu honetan gauza batean seguru nago, mundua ez da batere segurua. Are gehiago, seguruena lurrikarak, uholdeak, meteoritoen lurreratzea, tsunamiak, labaren isuria… dira, marrazoak berak ere garizuma ostean! Aurretik iragarriak izan edo aitaren batekoak izan seguruagoak dira giza-gertaerak baino, hauek beti iragartzekoak izanda ere. Hauetan bai arriskua! Mundua ez da segurua, seguru diot. Egunkariko orriak pasatzea baino ez dago horretaz jabetzeko. Hondartzan, airean, lehorrean… metalak hiltzaile, metalak berak jakin gabe, hori kolpea! Are kolpeagoa, metala lurretik erauzi behar izan zuen adingabea izatea denbora pasatuta metalak berak hila suertatzea! Hori suertea bada, behinik behin. Metalen ziklo bizia, hala esango luke adituren batek udako ikastaroren batean. Amen, edozein kasutan. Behean beude!

Metalen artean hiltzaileena, eraginkorrena hainbaten hiztegi berrituan, beruna bera. Azal desberdinak hartzen dituen hezurra. Bala, obusa, suziria, misila… Lur-lur, lur-aire, itsaso-lur, kale-kale… inoiz ere ez bulego-bulego. Metalen ziklo bizi mugatua. Pentsatzea ere beruna, hor arroka-gaia izatetik han azal-hezurra izaterainoko bidean zenbat ikerketa, garapen eta berrikuntza ez ote diren sustatu! Bikaintasunez sustatu ere! Zoritxarreko barne produktu gordinaren kontuetan integratua dela! Ez dut inoiz ulertu zergatik armagintza sartzen den herrialde baten barne produktuaren emaitzetan, metal-gaiak kanpotik ekarriak badira eta horien salgai landuek kanpoan isurarazten badute odola. Ekonomiaren kloakak. Total, noizko arretaz aztertzea umeen hilotzen kaxa beltzak? Klima berotzen ari den mundu honetan hilotzak ugarituz doaz, berunak berotzen duen seinale edo. Ea ponentziaren bat sortzen duten honetaz Legebiltzarrean!

Bitartean bitartekariak izan dira hemen. Bi egoeren artean ari direlako omen dira bitartekariak. Nondik eta nora dira bitartearen aldeak, iragana eta geroa. Badago bai, egin beharra, are gehiago ponentzietatik kanpo, errepideetan diren errotondekin nahikoa baita, ibilbide-mapan gehiago ipini gabe. Eta nago ni, diskrezioan maisu diren jeltzaleek zergatik ezin dute sinistu beste batzuk ere noizbait diskrezioz aritzea? Ama, ama! hurrengo batean dron bat bidaliko dut euren Eneara, mikrofonoz!