Markel IRIZAR Trek taldeko txirrindularia
Frantziako Tourra

Palestina

Alpeetako etapak amaitu berri ditudalarik, tradizioari jarraituz, nire Trek taldeko bisera jantzi, olio gordinarekin gozatutako pasta plater bat jan, eta laranjazko Aquarius batek lagunduta eguneko zutabea idazteari ekiten diot.

Ikaragarrizko beroa izan dugu Alpeetako lehen etapan, bigarrenean ia euria egin digu, eta horrelako eguraldi aldaketak majo nabaritu du tropelak.

Baina, zorionez, bero zakarrarekin hobeto ibiltzen garenok, gusturago gabiltza orain, eta espero dugu Pirinioetan ere merkurioak nahiko goran ibiltzea.

Nibaliren nagusitasuna eta Froome ala Contador lasterketan ez daudela denok dakizuenez eta gainera aspergarriegia izango litzatekeenez, gaurkoan etapa hasi aurretik egin dugun minutu bateko isiluneaz jardungo naiz. Taldean ukrainar bat dudanez, nire lagun Popo, Ukrainan gertatzen ari den gatazkari buruz zertxobait badakit. Popok esandakoagatik eta komunikabideetan entzun dudanagatik, Putinen Errusia izugarrizko sarraskia egiten ari da, bereak ez diren lur batzuk bereganatu nahian.

Gatazkaren azken gertaera errusiarrek 300 pertsonatik gora zituen hegazkina behera bota eta jende zibila hil izana da.

Antolakuntzak, hegazkinean hildako pertsonen familiei dolumina agertzeko, minutu bateko isilunea egitea oso ongi iruditu zait, baina pixka bat harago joanda... ez al dute palestinarrek ere horrenbeste merezi?

Deigarria egiten zait horren beren burua horren «demokratatzat» duten politikari zein komunikabideek, begi onez ikustea israeldarrak egiten ari diren genozidioa. Politikan aditua ez naizen arren, inondik inora ezin dela justifikatu esan dezaket aste honetan bertan 44 ume palestinarrek bizitza galtzea.

Nire ustez, Ukrainan gertatutako istripuagatik egin dugun bezala, Palestinan egunero bizitza galtzen ari direnen omenez ere egin beharko genuke.

Sarritan kirolariok, gure babesle eta marken izena zaintze aldera, ez dugu gure kirolaz harago doazen gaiei buruzko iritzirik ematen, baina ze kristo! Nola onar dezakegu herri palestinarra jasaten ari dena?

Badakit ez dituela gauzak aldatuko, baina zutabetxo honetatik neure babesa bidaltzen diot herri palestinarrari.

Pirinioetako etapen atariko zutabera arte: Palestina libre!