25/07/2014

Masum Irakeko presidente bihurtu da dozenaka preso hil dituzten egunean

61 lagun hil ziren atzo Iraken, autobus baten kontrako erasoan: 52 preso eta 9 polizia. Erasotzaileek lehergailuak erabili zituzten presoak Tajiko base militarretik Bagdadera zeramatzan ibilgailuari erasotzeko. Handik ordu batzuetara, Fuad Masum kurdua hautatu zuten presidente kargurako.

GARA
ATENTATU BIKOITZA. Gutxienez 15 lagun hil eta 34 zauritu ziren atzo gauean Bagdaden, hiriaren erdialdean bi bonba-autok bata bestearen atzetik eztanda egitearen ondorioz. Erasoa «iftar» edo Ramadaneko baraualdiaren etenean gertatu zen.

Fuad Masum politikari kurdua Irakeko presidente bihurtu da, herrialdeak dituen arazoak ikaragarri larriak direla gogorarazi duen eraso bat izan den egun berean. Egungo krisi politikoa gainditzeko eta Iraken Gobernu berria eratu ahal izateko urrats garrantzitsutzat jo dute begirale batzuek. Ban Ki-moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak Exekutibo berria «batasun nazionalekoa» izateko eskatu du, atzo Bagdadera egin zuen bisita baliatuz.

Kurdistango Batasun Abertzaleko kide da Masum, 1938an Erbilen jaiotako politikaria. Orain arteko presidente Jalal Talabani bezala, Masum Kuya hiriko familia ezagun batekoa da. 2005ez geroztik, diputatu izan da Irakeko Parlamentuan.

Libanon gertatzen den moduan, Estatuko goi kargudunak etniaren arabera erabakitzen dira. Iraken nagusi den kontsentsu politikoaren arabera, presidenteak kurdua izan behar du; lehen ministroak, xiia; eta Parlamentuko presidenteak, sunnita.

Ban Ki-moon korearrak iragarri gabeko bisita egin zuen Bagdadera. Batasun nazionaleko Gobernua osatzea beharrezkotzat jotzen du, «edozein etnia eta erlijioko herritarrak ordezka ditzan». Nuri al Maliki egungo lehen ministroa ondoan zuela eskainitako prentsaurrekoan berriz esan zuen Irakek bizi duen gatazkaren konponbidea «politikoa dela, ez militarra».

Gainera, Ban Ki-moonek Erbilgo agintari kurduei zein Bagdadekoei eskatu zien beraien arteko liskarrak konpontzeko (kurduek independentzia nahi dute, eta hori ez da besteen gustuko aukera).

Najaf hirian Ali al Sistani aiatolah bisitatu zuen NBEko idazkariak. «Sektaren eta etniaren araberako diskurtsoak» alde batera utzi behar direla esan zuten, bat eginda, indarkeria baztertzeko eskatzeaz gain.

Baina indarkeria baztertu behar dela esatea lortzea baino errazagoa da estatubatuarren okupazioak utzitako Iraken.

61 lagun hil ziren atzo Iraken, autobus baten kontrako eraso batean: 52 preso eta 9 polizia. Erasotzaileek lehergailuak erabili zituzten presoak Tajiko base militarretik hiriburura zeramatzan ibilgailuari eraso egiteko. Ekainaren 23an Babel probintzian egindako sarraskiaren antzekoa da atzokoa. 71 preso, 5 erasotzaile eta 2 polizia hil ziren orduan, presoak Al Qasem-eko kartzelara zeramatzan autobusaren aurkako erasoan. Badirudi jihadistek presoak askatu nahian egin zutela erasoa, eta poliziek guztiak akabatuz erantzun zutela. HRW gobernuz kanpoko erakundeak dio egungo agintariek eta aliatuek ehunka preso exekutatu dituztela azken asteotan.