Arantxa MANTEROLA
UDATE | Baionako Bestak

Mayak ez bezala, Baionako alkateak hautetsi guztiak gonbidatu ditu

Jean-Rene Etchegaray Baionako auzapez berriak ez du, Enrique Maya Iruñeko bere homologoak ez bezala, inor baztertu nahi gaur, bi euskal hirien senidetzearen karietara, Lapurdiko hiriburuan iruindarren ordezkariei egingo zaien harreran. Gonbidapen ofiziala jaso zuelarik, Mayak ez zien Bilduko zinegotziei Etchegarayren gomita helarazi. Gerora onartu duen bezala, gainera, apropos ezkutatu zien Baionako auzapezaren deia, ez dutelako bertara joatea «merezi».

Patricia Perales Bilduko zinegotziari Yolanda Barcina Iruñeko alkate zeneko garaiak gogorarazi dizkio. «Horrelako bazterketak Barcina garaitik datoz» esan du, «jarrera hauek lotsagarriak eta onartezinak» direla salatu aitzin.

Beste zinegotziak, gomitatuak zirela jakin zutenean, Etchegarayrekin harremanetan jarri zirela gaineratu du: «Gure susmoak baieztatu zizkigun, ez zekiela ezer eta Mayaren kontua zela, alegia. Egindako gomita denontzat zela eta ez duela inor baztertu nahi jakinarazi digu».

Era pribatuan zein publikoan galdetuta, «Mayak onartu digu ez gaituela gonbidatu ez dugulako han izatea merezi», esan du Peralesek. UPNren «jarrera ez demokratikoa» salatu ostean, Bilduko ordezkariek gaur Baionan izanen direla jakinarazi dute.