Jon LEUNDA
AIZKORA | Gipuzkoako finala

Larrañagak bikain ekin dio goi mailako ibilbideari

Azpeitiarrak lehen aldiz hartu du parte Lehen Mailako final batean, iaz irabazi baitzuen Bigarren Mailako txapela, eta aurten onenekin ere nagusi izan da.

Mikel Larrañagak eman zuen ezustekoa atzo Mendaron jokatu zen Gipuzkoako Lehen Mailako finalean, berak jantzi baitzuen txapela. Azpeitiarrak 24 urte ditu, eta aurten izan da maila nagusiko finalean aurreneko aldiz, iaz jantzi baitzuen Bigarren Mailako txapela. Maila, berriz, Unai Otañok galdu zuen atzokoan. Ibarrakoak min hartu zuen, eta saioa bertan behera utzi behar izan zuen.

Jendetza handia batu zen Mendaroko Goñati pilotalekuan, leporaino bete baitziren bertako harmailak. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, beste lau 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu behar izan zituen.

Azurmendi eta Olasagasti ziren adituen ustez txapela irabazteko faborito nagusiak, baina bietako inork ez zuen lortu. Arriarangoa zenbait arazorekin dabil, eta esana zuen zaila ikusten zuela txapela lortzea. Olasagastik, berriz, hilabete gogorrak izan ditu, izan ere, bi apustu eta marka saiakera handi bat egin ditu, eta zaila da urte osoan punta-puntan egotea. Hala ere, Igeldokoak bigarren amaitu zuen, eta Azurmendik era lortu zuen podiumean sartzea.

Ohikoa den moduan, bizi-bizi hasi zen finala; lehen enborretan denek hartu nahi izaten dute aurre, eta horrelaxe hasi ziren. Ezustea lehen enbor horretan Unai Otañok eman zuen, gerrian zaintiratua izan zuen-eta. Bigarren enborra ere moztu zuen, baina minez ari zen, eta jarraitzea ezinezkoa egin zitzaion; hala, hantxe utzi zuen saioa, maila galduz.

Aurrealdean, berriz, Olasagasti nagusitu nahian zebilen, baina Larrañagak aurre hartu zion laugarren enborretik aurrera, eta postuak finkatzen joan ziren. Azpeitiarra apurka-apurka aldea ateratzen hasi zen, eta lan erdiak pasa ostean ikusi zen berak eramango zuela txapela gauzak asko okertzen ez baziren. Larrañagak, baina, ederki eutsi zion abantailari, eta bere lehen final handian inork egin ez duena egin zuen: txapela jantzi.

Olasagastik egindakoak ere ez dauka aitzakiarik. Behin irabaztea ezinezkoa zuela ikusi zuenean, bigarren postuari eustera joan zen, eta hori lortu zuen. Amaieran bera ere pozez gainezka zegoen.

Hirugarren posturako borroka handia izan zuten Azurmendik eta Otaegik. Pixkanaka, baina, Arriarangoa aldea ateratzen hasi zen; hala, amaieran Azurmendik hirugarren postuari eutsi egin zion, eta horrek podiumean sartzeko balio izan zion.

Orain bi urte lortu zuen Gipuzkoako txapela Joseba Otaegik, baina Zizurkilgoak ezin izan zuen atzokoan horrelakorik errepikatu. Une batzuetan hirugarren postua nahiko gertu izan zuen, baina amaieran laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen.

Mikel Larrañaga pozez gainezka zegoen amaieran. «Ikaragarrizko poza hartu dut. Ez nuen uste irabaziko nuenik, baina lortu dut. Ongi hasi naiz, eta gero denei aurre hartu eta eutsi egin diot postu horri», esan zuen azpeitiar gazteak.

Eguneko beste aurpegia Unai Otañorena zen, izan ere, hasi bezain pronto zaintiratua izan zuen gerrian eta bertan behera utzi behar izan zuen saioa. «Saiatu naiz apur bat aurrera egiten ea mina baretzen zen, baina horrela jarraitzea ezinezkoa zen, eta azkenean utzi egin behar izan dut», azaldu zuen Ibarrakoak penatuta.

Gutxik lortzen dutena

Ez da batere ohikoa aizkolari batek goi mailan estreinatzen den urtean bertan txapela janztea, baina Mikel Larrañagak lortu du. Oraindik 24 urte besterik ez ditu, eta garbi dago aizkoraren munduan lorpen oso garrantzitsua dela.