Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Surfa

Sopela Pro Junior 2014: Timothee Bisso eta Kim Veteau nagusi munduko junior lehiaketan

Itsasoak lagundu zuen Sopelan eta 20 urtetik beherako surflariek haien abilezia erakutsi ahal izan zuten. Mutilen kasuan Timothee Bissok irabazi zuen txapela, eta, nesken kasuan, berriz, Kim Veteau izan zen garaile. Biak Guadalupe uharteetako surflariak dira. Nesken munduko txapelketarekin batera bestelako txapelketak ere izango dira.

Lehiakide frantsesak nagusitu ziren pasa den astean Sopelan egin zen Munduko Junior Txapelketan. Mutilen kasuan Timothee Bisso guadalupearrak eskuratu zuen txapela; nesken kategorian, berriz, Kim Veteau izan zen garaile, hau ere Guadalupe uharteetako surflaria.

Aspaldiko partez olatuak izan ziren Sopelan, eta surflari gazteek indartsu datozela erakutsi zuten. Parte hartzea zabala izan zen, ikuskizuna polita eta maila altua.

20 urte bitarteko lehiakideen kategoria da junior maila. Kategoria honetan munduko ranking orokor bat dago, baina herrialde bakoitzak bere zirkuitu propioa ere izan dezake, beraz, ASP erakundeak antolatutako junior txapelketa oro mundu mailakoa izan arren, egiten den lekuan biltzen diren puntuak bertako zirkuiturako baliagarriak dira. Sopelakoa, esaterako, Europako txapelketa da, baina baita munduko txapelketa ere.

Edozein herrialdetako txapelketetan mundu osoko surflariek parte hartzeko eskubidea dute. Adibidez, australiar batek Europako txapelketa batean parte har dezake puntuak biltzeko helburuarekin, baina bildutako puntuak ranking orokorrerako izango dira, inolaz ere ez Australiako zirkuituko rankingerako.

Herrialde bakoitzean egiten diren txapelketen baturak osatzen du herrialde horretako zirkuitua, baina ez dute herrialde guztiek ospe bera. Esate baterako, Australiako zirkuitua irabazteak Europakoa irabazteak baino meritu askoz handiagoa du, herrialde horretako surf maila hobea baita.

Europan hiru dira junior kategorian aurten egingo diren txapelketak. Sopelakoaren ostean, Lacanaukoa dator, Frantzian, abuztuaren 9tik 11ra bitartean egingo dena, eta, horren ostean, irailaren 24tik 28ra bitartean Kanaria uharteetan egiten da beste txapelketa bat, San Juango ezker olatu ospetsuan.

Nesken kasuan oso antzeko zirkuitua izaten da, izan ere, kategoria honetan normalean neskak eta mutilak batera aritzen dira, baina, kasu honetan, Lacanauko txapelketaren ordez Seignossen bilduko dira neskato gazteak.

Beraz, Sopelakoa txapelketa garrantzitsua da, esan bezala, ez baitira asko egiten diren mota honetako txapelketak. Gainera, mundu mailakoak dira.

Txapelketa pasa den ostegunean hasi zen, uztailak 24an, eta atzo bertan amaitzeko zen. Aldiz, itsaski iragarpenak asteburuan olaturik izango ez zela esaten zuenez ziztu bizian egin zuten txapelketa, eta, horrela, ostiralerako amaitua zen Sopelako Pro Junior txapelketa. Metro bateko olatu politak izan ziren eta lehiakideek haien abilezia erakusteko aukera paregabea izan zuten.

Mutilen finalean izan ziren lau lehiakideek Frantzia ordezkatzen zuten, horietako bi Guadalupe uharteetako surflariak izan arren eta beste biak euskaldun bat eta bretainiar bat. Horregatik, albiste agentzi guztien arabera, frantsesak izan ziren nagusi Sopelan.

Guztien artean Timothee Bisso gailendu zen mutilen kategorian eta txapela eskuratu zuen. Uharte epeletako olatuetan bakarrik ez, bestelako baldintzetan ere bikain aritzen dela erakutsi zuen gazte honek eta aurrera begira ere gogor lehiatzeko asmoa duela adierazi zuen.

«Pozarren nago», esan zuen Bissok, baina jada begiak hurrengo txapelketei so dituela ere aitortu zuen: «Txanda guztietan bigarren postua eskuratu eta finalera iristea lortu dut. Gero, azken txanda irabazi dut eta oso berezia izan da. Orain Lacanauko txapelketari begiratu behar diot, han ere finalean egotea espero dut, eta, nork daki, agian baita irabaztea ere».

Bigarren postuan Mateia Hiquly geratu zen. Hirugarren postuan Nelson Cloarec bretainiarra, eta, laugarren postuan, berriz, Andy Criere hendaiarra.

Hego Euskal Herriko surflariei dagokienean, emaitza onena lortu zuten lehiakideak Alex Iriondo gipuzkoarra eta Natxo Gonzalez bizkaitarra izan ziren. Iriondo final-laurdenetara iritsi zen, eta, Gonzalez berriz, finalerdietan kanporatu zuten.

Nesken kasuan, Kim Veteau izan zen garailea, hau ere Guadalupe uharteetako surflaria. Leticia Canales lehiakide bizkaitarrarekin aritu zen buruz buru eta eta oso gutxigatik izan arren (0,17 puntu) bertako arerioa gainditu eta txapela eskuratzea lortu zuen.

Honela mintzo zen Veteau sari banaketen ostean: «Finalera oso erlaxatua iritsi naiz. Ziur aski horixe izan da Letiren eta nire arteko desberdintasuna: berak presio handiagoa izan du, etxean aritu baita. Nire helburu nagusia mundialetarako klasifikazioa lortzea da, beraz, orain leku onean nago eta horrela jarraitzen saiatuko naiz».

Leticia Canales 19 urteko bilbotarra apur bat triste zegoen etxean ez irabazi izanagatik, baina emaitza ona zela onartu zuen: «Argi dago emaitza gazi-gozoa dela niretzat. Bigarren postua emaitza ona da, dudarik ez da, baina benetan espero nuen hemen nik irabaztea. Oraindik postu hobeak lor ditzaket eta horretarako lan egingo dut. Nire arerioa ere zoriondu behar dut, lagun ona da Kim, eta bikain aritu da».

Orain, Frantziako olatuei begira daude gaztetxoak, han izango baitira hurrengo bi txapelketak datorren hilean. Bata mutilena, Lacanaun, eta, bestea, neskena, Seignossen. Bitartean, Landetako olatu indartsuetarako prestatzea baina ez zaie geratzen lehiakide gazteei.