Oihane LARRETXEA DONOSTIA
Entrevista
YLENIA BAGLIETTO
AKTOREA

«Maleta egitea eta desegitea da oporraldietatik gehien gorroto dudana»

Batez ere «Goenkale»-ko Eider, beti beltzez jantzita doan neska gotikoaren larruan ezagutu dugu Ylenia Baglietto (Eibar, 1986), baina antzokietan ere ibilia da. Oporraldietan ere antzerkia gogoan duela aitortu digu.

Zerk bultzatzen zaitu bidaiatzera, helmuga zehatz bat hautatzera: gastronomiak, kulturak, pertsonek, eguzkiak?

Udan normalean eguzkiak bultzatzen nau bidaiatzera, haren bila joaten naiz beti. Hondartza maite dut eta deskonektatzen laguntzen dit. Urtean zehar, berriz, ateralditxoren bat egiteko aukera baldin badaukat, beste faktore guztiak sartzen dira. Kanpoko kulturak ezagutzea asko gustatzen zait, gastronomia, bitxikeriak, pertsonak... Eta hori guztia konpainia onean baldin bada, askoz hobeto.

Irteten zarenean aprobetxatzen duzu antzezlanik ikusteko beste herrialdeetan zer egiten ari diren jakiteko?

Jakina baietz, beti saiatzen naiz antzerkia ikusten irteten naizenean, oso aberasgarria da aktore batentzat kanpoan egiten dena ezagutzea.

Zerk ematen ditu buruhauste gehiago, maleta egiteak ala desegiteak?

Biek. Gehien gorroto dudan momentua da. Txikitan zerrendak egiten nituen ezer ez ahazteko, baina gaur egun azkeneko momentuan egiten dut maleta, zer eramango dudan buelta gehiegi eman gabe, baina halere beti sentitzen dut zerbait ahazten dudala.

Oporretatik bueltan, egun batzuk pasatzen dira maleta desegin arte.

Maite dituzunei zure oporraldien berri emateko postalik bidaltzen duzu? Ala gaur egun whatsapp-ak betetzen du funtzio hori?

Egia esan, urteak dira postalik ez dudala bidali, gaur egun mobilarekin oso erraza da kontaktuan egotea. Halere, oporretan mobila ere alde batera uzten saiatzen naiz.

Zein da denbora luzez oroituko duzun bidaia eta zergatik?

Duela sei urte Egiptora egin nuen bidaia; nire mutilarekin egin nuen lehenengo bidaia izan zen, ahaztezina.