Jon LEUNDA
Giza-proba

Gipuzkoako taldekako finala jokatuko da Aian

Gipuzkoako giza-probako taldekako finala jokatuko da bihar, 18.00etan, Aiako probalekuan. Itziar, Orio, Berrobi eta Urretxu, Zumarraga eta Ezkio-Itsasoko tiralariz osatutako Urola Garaia taldeak neurtuko dira.

Ikusmin handia piztu du finalak eta Aiako probalekua erabat beteko du. Giza-proba indarra hartzen ari da, batez ere taldekakoa, eta gazte asko batzen ditu. Bihar ere animo faltarik ez da izango.

Bi multzotan banatuta jokatu dute lehen fasea, eta talde batzuk elkarren aurka neurtu gabe iritsiko dira. Alde batetik, Itziar eta Orio izan dira multzo berean, eta elkarren aurka ez da aparteko alderik izan.

Gauza bera gertatu da Urola Garaiaren eta Berrobiren artean. Azken honek azkeneko bi saioak irabazi egin ditu, baina Urola Garaiak eraman zuen aurrenekoa. Beraz, bi hauen artean ere ezin esan ikaragarrizko aldea dagoenik. Finalak, ordea, bereziak dira, eta nerbioek ere zer esana izango dute. Egiten duen eguraldiak ere eraginen bat izan dezake.

Kontuak kontu, ikuskizun aparta espero da Aiako probalekuan, lau taldeek duten guztia emango baitute. Denek nahi dute txapela, eta elkarren artean ia alderik ez dagoela ikusita, saio bikaina espero da.

Talde bakoitza zortzi lagunez osatuta joango da, eta 660 kilotan sartuta joan beharko dute, bestela gainkarga eraman beharko dute. 950 kiloko harria erabiliko du talde bakoitzak, eta binaka arituko dira lanean, eta bi harri ezberdin erabiliko dituzte. Bakoitzak 15 minutu izango ditu harri bakoitzarekin aritzeko.

Zazpi Herrialdeetakoa

Euskal Herriko herri kiroletako olinpiadak ere urtero izaten dira eta aurten Zuberoan izango dira. Ekitaldi handi honek baditu jadanik eguna eta ordua. Abuztuaren 24an izango da arratsaldeko lauretatik aurrera, Atharratzeko plazan.

Pasa den urtean sei herrialde bakarrik izan ziren, Zuberoak ezin izan baitzuen parte hartu, baina aurtengoan talde guztiak lehian izatea espero da. Zuberoa bere herrialdean arituko da, eta taldea osatzeko arazorik ez izatea espero da. Aurten talde guztiak lehian ikusiko dira azken orduko aldaketarik ez bada.

Egun horretantxe jokatuko da Euskal Herriko Segalarien Emakumezkoen Txapelketa ere. Lehiaketa hau Aian jokatuko da.